Ekaitza gurean dago azken egunetan, eta berri txarrak bata bestearen atzetik etorri dira. Gauza triste guztiak euria egiten duen egunetan gertatzen diren sentsazioa izaten dut tarteka. Euriak berak tristatzen gaituelako, akaso. Horregatik dauzkagu horrenbeste desgrazia gurean? Niri, hala ere, gustatzen zait negua, gustatzen zaizkit euria, tximistak, trumoiak … Horrelako eguraldiarekin nostalgiko jartzen naiz oso, atzera begira. Etxeko epeletan argazki zaharrak ikusi eta haurtzarora itzultzen naiz.
Izatez, ederra da eta negua. Euri edo elurpean kalean zehar joatea moduko plazer txikiek epeltzen dute, gaztainak esku artean hartuta ibiltzeak. Putzuetan salto egin eta elur bolak elkarri botatzeak. Hotzak mantsotu egiten du gure bizimoduen erritmo frenetiko hori, barrua lasaitu. Ez dago munduari entzungor egin eta ikastolako lehiotik kanpora begira egotea bezalakorik. Eta batez ere, ez dago urdinik neguko ekaitzaren ostean zeruak hartzen duena bezalakorik. Nola ez zait ba negua gustatuko!
Baina, kexatzea da gure kirol nazionala… eta estadistikak ateratzea. Azken urteotako negu hotzena izan dela, euritsuena, inoiz ez dela horrelako elurterik ikusi… Eta hurrengo urtean esaldi berak errepikatzeko. Egunero historia idazten, horrela handiago sentitzen garelako edo.
Bitartean, gauza txikiekin disfrutatzen segiko dut nik, inoiz baino epelago datorren abenduan. Durangoko azoka, Bizkaiko bertsolari txapelketa … eta Elgoibarren ere bertsoaren jiran hamaika kontu. Eibarren berriz, zapatuan seguru euria eta eguzkia elkarrekin ibiliko direla, azerien ezteietan.
Hamaika aukera, urtea bukatu aurretik. Gozatzen saiatu!
- Ikus hemen: Mikel Olaizolaren testu guztiak