Xamar: "Euskararen herriak irauteko kontzientzia garbia izan du"

elgoibarren.net 2008ko abe. 12a, 08:46

Aste honetan bertan amaitu da 'Xamar'-ek Elgoibarren emandako ikastaroa, euskal kultura tradizionalari buruzkoa, Elgoibarko Izarra kultur elkarteak antolatuta. Izena eman zuten askok liluratuta jarraitu dute hizkuntzalari eta idazle nafarrak han esandakoak. Hamar astetan nondik gatozen argitu nahi izan du: gure arbasoen munduaren berri ematean, euskal kulturari buruzko hainbat uste hankaz gora jarri ditu. Bere iritziz, batez ere euskara da euskal kulturaren ezaugarri nagusia, baina baita emakumearen funtzioa ere. Gure kultura ezagutzea oso garrantzitsua dela uste du. 'Xamar'-ek Euskarari buruzko erreferentziazko liburuak idatzi ditu; ezagunena Orhipean: gure herria ezagutzen, gaztelania, frantses eta ingelesera itzulia.



Zer moduz jardun duzu Elgoibarren ikastaroa ematen?
Ni gustura. Ikusirik jendeak interesa duela gure herriko kulturan, gustura egoteko modukoa da.

Ikastaroan parte hartu dutenen harrera zer nolakoa izan da?
Uste dut hogeita hamalau zeudela izena emanik, eta egunero hogeita hamarretik gora etorri dira ikastarora. Iruditzen zait aski adierazgarria dela datua.

Euskal Kultura tradizionalaz jardun duzu. Berez oso gai zabala denez, gai asko laga behar izan dituzu kanpoan?
Egin duguna hurbilketa bat izan da, kultura oso bat ezin delako laburbildu hogei ordutan. Baina pentsatzen dut eman duguna (ene ustez oinarrizko gaiak) aski dela, ikuspegi aske -konplexurik gabea- eta orokor bat izateko.

Oro har, zer gai aztertu dituzue ikastaroan?
Etxea, bizitza, gizartea alegia, antolatzeko oinarri gisa; folklorearen funtzioak nekazal gizarte zaharrean; bizitzaren pasarte erritoak familia eta gizarte mailan; sinismen zaharrak eta mitologia; ahozko kulturaren ezaugarriak.

Zure iritziz, inguruetako kulturekin hartu-eman handia izan dugu euskaldunok. Gure kulturari buruzko hainbat uste hankaz gora jarri dituzu. Ez dugu gure kultura ondo ezagutzen, ala?

”Herri hau ez da sekula isolaturik izan. Bistan da edozeinek konkistatu gaituela" dio Xamarrek.

Ez, bistan da. Lau topiko aski ditugu bizitzeko, zaila baitzen egoera ezohiko bat azaltzea; esan nahi baita, euskara hizkuntza isolatua da eta, gainera, iraun du historiaurretik orain artean. Beraz, azalpen errazena garbi dago: herri isolatua izan da gurea, basatia, konkistatu gabea; horregatik iraun du. Kasik esango genuke kasualitatez iraun duela. Errealitatea, dakigunaren arabera, bestelakoa da. Herri hau ez da sekula isolaturik bizi izan. Aski bistan da edozeinek konkistatu gaituela. Baina, halere, irauteko kontzientzia garbia izan du, bazekielako euskararen herria zela, euskararen jendea. Hori atxikiz, datorrena datorrela, moldatuko da.

Bistan denez, errealitatea askoz aberatsagoa da topikoa baino.
Erromatarrek zer nolako harremana izan zuten Euskal Herriarekin? Uste genuena baino handiagoa. Dagoeneko, badirudi aski ongi erromanizatutako herria izan zela gurea, baina, modu harrigarrian, ez osoki latinizaturik, bistan denez. Azken hogeita hamar urte hauetan erromatar hiririk garrantzitsuena aurkitu da, Oiasso, eta ez dago Erriberan edo Araban, Irunen baizik, Euskal Herri berdearen bihotzean baizik.

Antzinako Euskal Herria matriarkala zen?
Matriarkatu hitzarekin ulertzen duzunaren arabera. Garbi dagoena da emakumeek gizartean betetzen zituzten funtzioak gizonaren parekoak zirela eta, batzuetan, gainean zeudela, bereziki izpirituari zegozkion gaietan. Horregatik, zuberotar ikerle den Anne-Marie Lagardek gizarte tradizionalari buruz ari denean symétrie des sexes aipatzen du, zegoen parekotasuna azaltzeko.

Noiz kristautu zuten Euskal Herria?
Hori beste eztabaida zahar bat da, baina badirudi, inguruko herriekin konparatuz, beranduago gertatu zela.

Zergatik izan da etxea elementu garrantzitsua euskaldunontzako?
Gizarte antolamenduaren oinarria zelako, alde batetik, eta, bestetik, etxekoen elkargune ia sakratua, hala biziena, nola hildakoena, lehenagokoen ustez
 

Xamar:"Emakumeek gizartean betetzen zituzten funtzioak gizonaren parekoak ziren"

Mendez mende gure kulturak gordetako ohitura eta usadioek komunitateari zentzua ematen zioten. Oso urte gutxitan usadio pila bat betiko galdu dira eta ohitura berriak hartu ditugu, bizimodu modernoarenak. Euskal komunitatea orain ez ote dago hankamotz?
Bai, nire ustez, hala da. Komunitate zentzua elikatzen zuten ohitura eta usadio ugari desagertu dira, beste gauzen artean mundu osoan (ez bakarrik hemen) indarrean dagoen sistemak indibidualismoa indartzen duelako, komunitatearen kontra dagoen elementua hain zuzen. Halamoduz bada ere, oraindik euskarari eusten diogu.


Esan daiteke euskara dela gure kulturaren ezaugarririk garrantzitsuena?
Dudarik gabe oinarrizkoena, horregatik gara euskararen herria, halaxe definitu zuen gure kulturak bere burua.

Salbatuta dago euskara?
Zalantzarik gabe, aspaldidanik gainera. Aski dituzu hiztegia eta gramatika, hortxe dago euskara gordeta, finkatua, nornahirentzat noiznahi aztergai. hori ez da arazoa. Salbaturik ez dagoena da euskaradun herria, euskal komunitatea, bizirik dagokeen komunitatea.

Zer iritzi duzu Iruña-Veleian gertatutakoaz?
Tamalgarria. Ez dakit noizbait jakingo den iruzurraren egilea nor izan den. Baina badirudi helburua, askotan bezala, dirua dela.

Zer proiektu daukazu orain esku artean?
Gure kulturaren dibulgazioarekin segitzen dut. Azkena Euskal Herriaren/euskararen historia izan zen. Hurrengoan, beste atal bat oinarri hartuta, gure kulturaren ezagutza zabaltzea da asmoa.

Besterik gehitu nahi duzu?
Egin didazuen harrera beroa eskertzea baizik ez zait gelditzen, bereziki ikastarora etorri direnena.
  • Testua eta argazkiak: Oier Narbaiza

1706640652962 Xamar: "Euskararen herriak irauteko kontzientzia garbia izan du"

•Gehiago jakiteko ikus hemen: