Eta sarrera txiki hau egin ondoren, gaian sartu ginen bete-betean.
Ahozko kultura
Ipuinak, asmakizunak, hitz-jokoak, esaera zaharrak edo bertsoak topa ditzakegu ahozko kulturaren zakuan eskua sartuz gero. Kultura honek, askotan gutxietsia izan bada ere, baditu idatzizkoak ez dituen baloreak. Eduki guztiak jendez jende eta belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititzen dira, eta, ondorioz, oso aldakorrak dira. Honek ahozko kulturaren bizitasuna erakusten digu. Bestetik, bertso edo ipuin baten entzulea emaile ere bihurtzen da, honek egingo dizkion aldaketekin (xehetasun gehiago edo gutxiago, deskribapen diferenteak, asmatutako pasarte berriak sartu, hitzak aldatuta, ...). Entzule pasiboa aktore aktibo bihurtzen da transmititzeko garaian. Horregatik, ahozko kulturan egileak ez du garrantzirik (herrikoiak dira) eta edukia da benetan inporta duena. Gaur egun, berriz, liburu bat erosten dugunean izenburuari ala idazleari erreparatzen diogu gehiago?
Gainera, ahozko kultura izan da herri eta kultura guztiek literatura sortzeko eta transmititzeko izan duten era naturala, papereratu baino lehen. Mendebaldeko literatura idatziaren klasiko handienak diren Iliada eta Odisea, adibidez, ahozko tradiziotik datoz.
Bertsolariak psikiatra lanetan?
Gizarteak zituen arazoak eta gertaerak islatzen ziren, normalean, bertsolaritzan. Eta gertaera lazgarriak izaten ziren, askotan. Honen adibide moduan entzun genuen Txirritaren Frantses-euskaldun batenak bertso-sorta. Bertso hauetan txurrero batek engainatuta emazteak alde egin zion gizon baten penak kontatzen dira. Baina hasiera penaz bustita badago ere, azkenean saminari buelta ematea lortzen du (bedeinkatua izan / alde egin zuten eguna). Izan ere, bertso hauen helburu nagusia penak sozializatzea zen; norberaren penak herritarren artean zabaldu eta samina gutxitzea, hain zuzen ere. Orain psikiatrarengana jotzen dugu horrelako zerbait pasatzen zaigunean, eta pastillak hartzen ditugu penak gainditzeko.
Bertso-paperak
XIX. mendearen lehen urteetan hasi ziren zabaltzen bertso-paperak (edo bertso-berriak). 1936ra arte indar handia hartu zuten eta orrialde bakar batean inprimatutako bertsoak izaten ziren. Bertso-paperek, batez ere, hiru funtzio nagusi zituzten:
a) Notiziak zabaltzea.
b) Ideologia jakin baten propaganda egitea (horretarako sortu ziren, hain zuzen ere, bertso-paperak).
c) Publizitatea egitea.
Hirugarren arrazoi hau dela-eta, bitxiak dira Baserri bertsolariak Sigmarentzat egindako publizitate-bertsoak. Interneten topa ditugu bertsoak:
Erosi zazute SIGMA
Danok dakigu bizimoduak
gaur asko eskatzen dula,
familietan bearrekoak
ainbat pitxi ditugula;
euskaldun maite, eziñ gentzake
guk beintzat aztu sekula,
Sigma izeneko makin-etxea
Elgoibar´en daukagula.
Aiñ da jostallu zoragarria
geure eskuetan artzean,
uzteko gogorikan ez dator
beiñ josketari eltzean.
Udaberrian bizi leizkenak
or daude negu beltzean,
au gertatzen da Sigma makina
arkitzen eztan etxean.
Ezkon deietan zauden neskatxa,
ordua dezu pozteko,
tresna on ori bearra dezu
zeu ta zeureak jazteko;
bi gauz eskatu bear dituzu
bizimoduan asteko:
osasun ona bizitzeko ta
Sigma makina josteko.
Sigma jabeak irripar gozo
nunaitan agertutzen du,
bere menpeko pitxi aretzaz
iñora eziñ da aldendu.
Familitako urre kutxa da,
au burutikan ez kendu,
Sigma makina erosten dunak
zoriona erosten du.
Danok dakigu bizimoduak
gaur asko eskatzen dula,
familietan bearrekoak
ainbat pitxi ditugula;
euskaldun maite, eziñ gentzake
guk beintzat aztu sekula,
Sigma izeneko makin-etxea
Elgoibar´en daukagula.
Aiñ da jostallu zoragarria
geure eskuetan artzean,
uzteko gogorikan ez dator
beiñ josketari eltzean.
Udaberrian bizi leizkenak
or daude negu beltzean,
au gertatzen da Sigma makina
arkitzen eztan etxean.
Ezkon deietan zauden neskatxa,
ordua dezu pozteko,
tresna on ori bearra dezu
zeu ta zeureak jazteko;
bi gauz eskatu bear dituzu
bizimoduan asteko:
osasun ona bizitzeko ta
Sigma makina josteko.
Sigma jabeak irripar gozo
nunaitan agertutzen du,
bere menpeko pitxi aretzaz
iñora eziñ da aldendu.
Familitako urre kutxa da,
au burutikan ez kendu,
Sigma makina erosten dunak
zoriona erosten du.
Idatzizko kultura eta Iparraldea
Egoera honen aurrean, herriko erakundeek erdara aukeratu zuten, nahiz eta herriaren gehiengoa euskaldun hutsa izan. Ondorioz, erdara kultur jendearen hizkuntza bilakatu zen; irakurtzea eta idaztea erdaraz jakiteari lotuta zegoen.
Hala ere, pentsatu eta esan izan denaren kontra, euskaldunok ez ginen Europan azkenak izan idazten. Xamarrek esan zigunez, herri askorekin batera eta beste batzuen aurretik hasi ginen idazten euskaldunok. Hori bai, Iparraldearen eta Hegoaldearen artean alde handia egon zen: Hegoaldean Iparraldean baino 200 urte beranduago hasi ginen euskaraz idazten.
Hegoaldean oso goiz ematen da latinaren-gaztelaniaren eta euskararen arteko diglosia egoera (XIII-XIV. mendeetan). Ikasi nahi zutenek Salamancara joan behar zuten (kantak ondo dioen moduan) eta han latina edo gaztelaniaz ikasten zuten. Iparraldean, berriz, oso bestelakoa zen egoera soziolinguistikoa. Gure klasikoak Lapurdin sortzen dira 1600. urtearen bueltan, eta hau ez da kasualitatea. Zergatik sortzen dira, orduan? XVII. mendean Iparraldean euskara nagusi zen; apaizek, adibidez, oraindik ez zekiten frantsesez. Izan ere, 1789an Frantzia gehienak ez zekien frantsesez; Frantses Iraultzarekin batera hasi zen frantsesa zabaltzen. Beraz, Iparraldeko baldintza soziolinguistikoengatik sortu ziren gure klasikoak Pirinioen beste aldean; euskarak eta euskaldunek ez zutelako frantsesaren presiorik.
Beste datu bat ere eman zigun Xamarrek. 1600-1800 urteetan, Ororen Eskolak zeuden Iparraldeko herri txiki guztietan. Eskola hauetan neska-mutilak nahasturik zeuden eta derrigorrez joan behar ziren eskolara. Xamarren esanetan, oinarrizko alfabetizazioa euskaraz zen eta erlijioa ez ezik, kultura orokorra ere lantzen zen. Eskola hauek ere Frantses Iraultzaren ondoren desegin ziren. Beraz, Xamarrek esan zigun moduan, Euskal Herrian euskarazko eskolak ez ziren ikastolekin 1960ko hamarkadan hasi. Iparraldean aspaldi hasi ziren eskolak euskaraz ematen.
Amaitzeko, Iparraldean idatzizko tradizioak izan duen indarra erakusteko, beste adibide bat eman zigun Xamarrek: 1921ean Iparraldean sortutako euskarazko estreinako Gure herria aldizkariak 12.000 ale saltzen zituen; orain Berriak saltzen dituen beste.
Amaitzeko: Zerk bereizten gaitu?
Eta hau esan ondoren, ikastaroaren gaineko jendearen iritzia eskatu zuen, baina pare bat lagun baino ez ziren animatu iritzia ematera. Batek, euskal kulturaren gainean oso gutxi dakigula azpimarratu zuen; besteak, berriz, asko ikasi duela nabarmendu nahi izan zuen. Saioa amaitu ondoren jende gehiago animatu zen iritzia ematera.
Eta jendea isilik zegoela aprobetxatuz, azken hamar minutuak pare bat ideia azpimarratzeko aprobetxatu zuen Xamarrek: batetik, euskal kulturak jasan duen higadura edo desgastea oso handia izan dela esan zigun; hizkuntzari eutsi diogula nolabait, baina kulturari oso kasu gutxi egin diogula. Eta, bere esanetan, gure kulturari eustea oinarrizkoa da. Xamarren iritziz, gure Herriak konfiantza galdu du, konplexuz beteta dago, eta gure kultura ezagutzea ezinbestekoa da konplexu hauek gainditzeko. Gainera, kanpotik etortzen zaizkigun erasoei aurre egiteko ere derrigorrezkoa dugu gure burua ondo ezagutzea. Xamarrek gogorarazi zigun moduan, 15 urte baino ez zaizkigu geratzen zer izan ginen eta nondik gatozen jakiteko.
Afaltzeko ordua!
Xamarrek baten baino gehiagotan esan digu gizakiaren beharrik oinarrizkoena jan-edana izan dela beti. Bere lezioa ondo ikasi dugula erakusteko edo, afari-mokadutxo bat egitera joan ginen 30 lagun Baltasar soziedadera. Ondo jan eta edan genuen, eta txisteren bat edo beste ere irten zen Xamarren eta Angelen ahotik. Baina hurrengo egunean lan egin behar genuenez, Xamarri erregalutxo bat egin ondoren, etxerako bidea hartu genuen denok. Elkarri eskerrak eman eta datorren urtera arte agurtu ondoren itzali ziren Euskal Kultura Tradizionala ezagutuz ikastaroko argiak.
Afariko erretratuak: