Veneziaren arima eta mamia jaso ditu Esmeralda Zapparolik argazkietan

elgoibarren.net 2008ko abe. 16a, 15:04

 
Elgoibarren bizi den Esmeralda Zapparoli argazkilariak Veneziaren arima jasotzen urteetan jardun ondoren, Kultur Etxean erakutsiko ditu erretratuok. Esencia izenburua jarri dio argazki erakusketari eta barixaku honetan (abenduak 19) izango da inaugurazioa, autorea bertan dela. Urtarrilaren 10era arte ikusteko aukera izango da.




  • Inaugurazioa: Abenduaren 19an, arratsaldeko 19:00etan
  • Lekua: Elgoibarko Kultur Etxean
  • Datak: 2008ko Abenduaren 19tik 2009ko Urtarrilaren 10era
  • Ordutegia: Egunero, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Jai egunak eta domekak izan ezik. Abenduaren 24a eta 31a itxita
  • Antolatzaile: Ongarri A.T y Elgoibarko Kultura Saila

  Hilaren 19an, eta urte dezente ondoren, guragana dator Esmeralda bere lan berri hau eskaintzera. Lan honetan lau urte eman ditu, ideia, baina, aspalditik zetorren. Ezaguna dugun Veneziaren irudi topikoa alde batera laga eta beste begi batzuekin begiratu dio Esmeraldak horren ongi ezagutzen duen hiriari.
Juan Manuel Castro Prietok honakoa dio Esmeralda Zapparoliren azken argazki bildumaz:

   Veneziak txiki sentiarazten zaitu, horixe da behintzat nire sentipena bertako kaleetan barrena paseatzen dudanean. Halako historia du, etxeak, gondolak, kanalak... Baldintza horietan, astiro ibili ohi naiz, hotsik ez ateratzeko ahaleginean, inor ez dadin molesta. Egunez, turista oldeek nire txikitasuna ahaztarazten didate baina arratsa heldu eta misteriotsuki saldoak desagertzean, lehengo txikitasunera bueltatzen naiz. Harrigarriro, arratsaldea dut gustukoen, kalexkatan barrena ibiltzeko, malenkoniak hartutako hirian galtzeko. Saiatzen naiz argazkiak ateratzen, baina Venezia, ni baino gehiago da, sentipenak gainezka, lotu egiten naute.

  Horregatik txunditzen naute horrenbeste Esmeraldaren argazkiek. Zoragarria da, sentipenen anabasan ezohikoa, humorea, edertasuna topatzeko duen gaitasuna, eta honekin guztiarekin eskaintzen digun begirada fresko, mamitsu eta aberastasun handikoa hain sarri fotografiatu den hiriaren gainean, hainbeste non  hiria bera argazkiekin nahasten baitugu.

  Bera ez dago limurtzen uzteko. Ondoegi ezagutzen du Venezia, eta argazki bakoitzarekin atarikoa baino baliotsuago den zerbait eskaintzen digu: Hiriaren arimaren zati bat. Uste dut bere argazkiek laguntzen didatela hiriarengatik zanpatua ez sentitzen, agian, konprenitzen hasia naizelako.


Juan Manuel Castro Prieto