Pilotari elgoibartarrek lekua izango dute 2009ko San Anton Torneoan

elgoibarren.net 2008ko abe. 17a, 12:54

Elgoibarko bi pilotarik jokatuko dute 16. San Anton Torneo prestigiotsuan: Eneko Loiolak promesetan eta Kepa Arrizabalagak nagusien mailan. Lehenengo finalerdiak urtarrilaren 2an (barixakua) jokatuko dira eta urtarrilaren 9an bigarrengoak. Finalak, berriz, San Anton bezperan, urtarrilaren 16an jokatuko dira Ikastolako frontoian.
  • Bestalde, Aiastia-San Migeleko Pilota Txapelketa amaitzetik gertu dago. Finala zapatu honetan (abenduak 20) jokatuko da Murkaikupe frontoian, 19:00etatik aurrera.


  Profesionaletarako tranpolina
  Eugi, Beloki, olaizolatarrak, Goñi II, Irujo, Retegi Bi, Patxi Ruiz, Zubieta… San Anton Torneotik pasa diren pilotari ezagunen zerrenda luzea bezain loriatua da. Profesionaletan zerbait izatera ailegatu diren ia pilotari guztiak igaro dira, ezezagunagoak zirenean, Ikastolako frontoitik.
  Aurtengo edizioan ere, hamaseigarrena, gertutik jarraitu beharko dira afizionatu mailako San Anton Torneoan jokatuko duten pilotariak. Afizionatu mailan puntan dabiltza gehienak eta DV Torneo garrantzitsuan parte hartu ostean iritsiko dira asko Elgoibarrera. Horien artean daude Gorka errioxarra eta Andreu, iaz, promesa mailan ari zela, pilotaririk onena aukeratu zutena 2008ko San Anton Torneoan.

 Loiola hirugarren aukeraren bila

Eneko Loiola bi bider heldu da San Anton Torneoko finalera.

  Elgoibartarrei dagokienez, Eneko Loiola, berarentzat hirugarren finala litzatekeenera ailegatzen, saiatuko da. Aurrez bi bider heldu da finalera, baina bietan galtzea egokitu zaio, azkena 2008an. Atzelari sanmigeldarrak gertukoa zaion bikotea, Atxotegi plaentxiarra, izango du aurreko koadroetan. Oso ondo ezagutzen dute elkar, askotan egin dute-eta bikote. Lehen finalerdiko kanporaketan (urtarrilak 2) Rico eta Otxotorena gainditu beharko dituzte urtarrilaren 16ko finalean egon nahi badute.
  Kepa Arrizabalaga elgoibartarrak, berriz, promesa mailan jokatuko du urtarrilaren 2an, Bergerarekin bikote osatuz. Gorka eta Merino izango dituzte aurkari.

1. finalerdiak (urtarrilak 2)
 • Gorka/Merino Vs Kepa Arrizabalaga/Bergera (Promesak)
 • Rico/Otxotorena Vs Atxotegi/Loiola (Seniorrak)

2. finalerdiak (urtarrilak 9)
 • Epelde/Olalde Vs Jaunarena/Arzelus (Promesak)
 • Andreu/Jauregi Vs Yoldi/Larrinaga (Seniorrak)
  • Non: Ikastolako frontoian
  • Ordua: 22:00etatik aurrera

San Migel Pilota Txapelketako finala

 Aiastia-San Migel auzoan jokatu da San Migel Pilota Txapelketa. Elgoibar eta inguruetako hainbat pilotarik parte hartu dute bertan eta horien guztien artetik lau pilotari nabarmendu dira, finalera iritsi direnak, hain zuzen ere. Zapatu honetan, abenduaren 20an, jokatuko da final handia Murkaikupe frontoian, 19:00etan hasita.
  • Finala: Xabi Arrillaga/ Andoni Egaña Vs Gontzal Urionabarrenetxea/Basueta