1. OKANAGAN
Etxeko katua, Txiko, ere konturatu da bagoazela, maleta handiak prestatzen ikusi gaitualako edo. 16 gauean goiko gelara igo eta hanketan igurtzi batzuk egin dizkigu buztana tente eta lepoa goratuz, marru itoan. Guk uste baino hobeto daki gure berri. Argia da, gero, katu hau! Argia eta kariñosoa, katuak berez hotzak izaten badira ere. Tomas eta Jeanne hilabete eta erdiz Europan ibili direnean auzoko emakume batek zaindu du. Ikustekoak izan ziren anaiak, uztailaren 17an etxeratu, katua besoetan hartu eta igurtzi batzuk egin ondoren katu honek egin zituen saltoak eta malabarismoak. Haren poza!
Ekainaren 17an iritsi ginen eta gaur, uztailaren 17an, hain zuzen, egin diogu agur Pazifikoari, Canadako beste aldera hasi dugun bidean. Etxeko baskula atera du Tomasek ia zenbat kilo irabazi dugun jakiteko. Iritsi ginenean ere pisatu gintuen eta esan:
-Hemendik ez zarie joango kilo bi irabazi barik. Zeuek atera kontuak. Nik kilo eta seiehun irabazi dut eta tira! Baimena lortzeko aukera daukat. Emaztea, iritsi zeneko pisu berean dago, gramo bateko gorabeherarik ere ez. Bataz beste lortu dugu helburuaren erdia, sikira, eta bagoaz hemendik. Geure etxean bezain ondo edo hobeto egon gara hilabeteon, ez dira alferrik anaia eta koinata jatorrak. Ekialderantz abiatu gara, autoa janariz eta barbakoa txiki batez hornituta. Hasierakoa bidea ezaguna egiten zaigu, Langley-ra eta Merritt aldera egindako txangoetan ibilitakoa baita Hope izeneko herriraino. Fraser ibai handiak, hego alderako norabidea laga eta Pazifiko aldera hartzen duen gunea da Hope.
Aurrekoan ere esan zigun baina berriz ere gauza bera errepikatu digu Tomasek:-Hementxe, mendi hauetan hasi gintuazan Laurak bat izeneko taldea geure kontura lan egiten. Amorotoko Pedro, Lekeitioko Txomin, Jaurrietako Aierra eta ni neu. Alde ederra norbere kontura lan egitea eta ez besten soldatapeko. Paperak betetzen eta bulegoetan mugitzen ikastea zuan kontua eta horixe egin genduan. Australiatik honera etorri barritan inoren kontura ibili gintuazan. Beti ikasten dok; lagun onekin gehiago, eta lagun onak izan nebazan Loren lehengusua, Anton Amoto eta beste batzuk. Bizitzak erakusten jok zelan jokatu, heu apur bat bahaz.
Orain etxera bidean goaz. Tomas eta Jeanne ditugu bidelagun apartak. Ondo dakite hemengo berri, bata berton jaioa delako eta besteak 40 urte egin ditualako hemen lanean:
-Ikusten goiko bizkar hartan argi-indarra eroateko zutabe harek? Geuk zabalduak dituk horreek basook. Hortxe hautsi najuan iztar hezurra beste batean. Nire lankide Pedrok hankako behatz bat moztu juan hortik urrunera barik. Ha zelako trotia mendian behera nonbaitetik telefonoz berba egin eta zaurituari laguntza emoteko. Hankak dar-dar, pausorik emon ezinda gelditzeraino, aldapa luze eta pendizak dira hemengoak eta... Handik aurrera basora geure emisoratxoa eramaten genduan. Distantziak handiak dozak hemen eta laguntza bizkor ez badator, bertan odolustu zeinke. Helikopteroetan egiten ziren erreskateak
Lau egunez laguntzea erabaki eta guretzako ibilbide gustagarria prestatu dute. Estatu Batuetako muga aldera jo eta Okanagan izeneko lurralde aberatsetara eraman gaituzte Gezurra dirudi baina geure begiz ikusi genuen. Coast mountain eta Rocky mountain artean dagoen ordekan klima epela eta gozoa ere badago. Urik ere falta ez denez, aro ederreko lurrak dira hainbat fruitu mota hartzeko. Kopuru handietan hartu ere. Ikustekoak dira hemengo gereziondo sailak, ale gorriz mukuru.
Fleamarket ugari bazterretan. Edonon daude fruitu freskoak salgai eta, nahi izanez gero, norberak arbolatik hartzeko aukera ere bai, erdi prezioan. Gereziak ez eze aranak, albertxigoak, melokotoiak, madariak, meloiak (water melon)… zer ez? Laku eder baten ondoan dago Osoyoos izeneko herria. Zutarri batek adierazten duenez, eslobeniarrak izan ziren herri honi bultzada handia eman ziotenak eta, gaur egun, portugaldar jatorrikoak ei dira asko eta asko. Badakite, baina, kanadiarrak direna eta horrekin harro daude, kultura anitzeko nazio aberats bateko partaide ikusten baitute euren burua. Hinduak ere nonahi ikusten dira. Punjab-eko sijs taldekoak ezagun egiten dira buruan daramaten turbante tentearekin.
Iparraldera bidea hartu eta, baratz eta laku, ikuskizunak ez du amairik hainbat kilometrotan. Oliver izeneko herrira heldu gara.Hauxe da Kanadako hiriburua mahatsaren ekoizpenean. Mahatsa eta ardoa, noski. Okanagango ardoak famatuak eta estimatuak dira Kanadan zein Estatu Batuetan. Ice wine delakoa ere ezaguna da hemen. Simelkameen river inguruan izozpeko ardoa hartzen da. Luzaro izozpean egondako mahatsaren zukua berezia omen da. Garestia ere bai. Aperitibo moduan hartzen ei da eta botila bakoitza 100 dolar inguru pagatu behar da. Trago hotzerako poltsiko beroa behar.
Peachland da hurrengo herria. Izenak berak salatzen duenez, hemen ez da melokotoi faltarik. Pinua ere bada bazterretan, baina itxitako egur lantegi batzuk adierazten dutenez, Estatu Batuetan eraikuntzak nozitzen duen krisiak izan du eraginik lantegiotan.
Gaurko ibilaldiaren azken aldera garenean, Kelowna aukitu dugu. Tomasek dioenez, Albertako jubilatuen herri bihurtu da. Laku ederraren inguruan etxe pertxentak eta itxasontzi txarmangarriak ageri dira, brisara gozoaren kulunkan. Vernon izeneko herrian, motel batean, hartu dugu ostatu.
Vernon, 2008-07-17
2. ROGERS PASS
Luzea da, gero, Vancouver aldean, enbor luze eta lodiak garraiatuz itsasoratzen ikusten genuen Fraser ibaia. Mila kilometrotik gora egin ditugu Pazifiko aldetik barrura eta oraindik Fraser da ehundaka adar jasotzen dituen ibilgu nagusia. Zabal eta indartsu dator. Mara lakua udatiarrek bete dute; uraren gainean hara eta hona dabiltzan rouloteak alokatzen dituzte eta ur hotzetako bainua hartzeko zein arrantza aberatsean jarduteko aukera ere badute.
Latza izan zen 19.mendearen erdialdera Pazifikoaren bila trenbidea eraikitzea. Hildakoak ere milaka asko eginkizun horretan. Manitoba, Saskatchewan eta Albertako ordekan baso sarria garbitzea eta lakuen artean lur trinkoa aurkitzea zen kontua. Baina Albertan eta British Columbian, menditarte estuak eta gailur pikoak hasi zirenean, Rocky Mountain-etan, zailtasunak biderkatu egin ziren arrazoi bikoitzaren ondorioz.
Mendi tarteko ibilbidean lurzoru gorabeheratsua agertu zen, alde batetik. Horrek pasabiderik egokienak bilatzea eskatzen zuen. Harkaitz handiak erauzi eta apurtu, zuloak berdindu…txinoen lana, esan ohi denez. Jakin dugu, gainera, nahiz eta liburuetan ez den normalean hori aipatzen, milaka txinatar hil zirela lan gogor eta arriskutsu horietan. Eagle pass (arranoaren pasabidean) egin zuten bat 1885ean Pazifikotik ekialdera zetorren trenbidearekin. Last spike, azken hiltzea, sartu zuteneko lekukoa hantxe dago. Canadako epopeian sartzen da urte horretako azaroaren zazpia, Canadian Pacific taldeko Donald Smith izeneko bati egokitu zitzaion ohore hori.
Gu iritsi garenerako bazen han talde hazi samar bat. Eguerdiko hamabiak dira eta otoitzean aurkitu ditugu, eguzkiaren aldera begira. Gehiago hurreratu eta berehala ohartu gara judutarrak zirela buruan euren txapeltxo eta guzti. Badu, itxura denez, toki honek esangura handiren bat haientzat. Azken spike hori sartu zuen Smith hori judutarra ote zen, ba? Hala, beste gabe, trenbidearen eraikuntzan hildakoen aldeko otoitza egiten ari dira? Ez diegu galdetu eta geuk ere errespetuz ikuskatu ditugu bazterrok.
Ikusi ditugu bazterrok eta gorago jende ugari dago trenbideak gainditu beharreko aldaparen zailtasunak eta lan ingeniotsuak azaltzen dituen panelak irakurtzen eta argazkiak ateratzen. Ehuneko bosteko aldapan behera, beheko erreka zulora amildu zen bagoi gehitxokin ausartu zen lehen trena. Bagoi gutxikin ibilten ohitu behar eta gorakoan pare bat lokomotora aurreria lanetan. Gero, bide zigizagatsuan, ehuneko bi eta erdiko aldapa izatea lortu eta hala errazago. Bazuten goragotik errazago egiteko aukerarik, baina Alaska aldera gehiago hurreratuz gero Estatu batuarrek muturra sartuko ote zuten beldur ziren, dirudienez.
Lur gorabeheratsuak beste arrisku handi bat ere bazuen, gainera. Han hain sarri eta mardul jausten den elurrak olde izugarriak eragiten ditu, mendian behera, pinu eta harri, dena aurrean hartuz. Ez ei dira gutxi horrela betiko harkaitz eta elurpean hobiratuak. Trenbidea egin zuten, bai, baina ez zorra ordaindu gabe.
Eagle pas (arranoaren pasabidea) delako horretan eraikuntza erraldoia egin zuen amerikar batek, ostatu, denda, erakusketa-areto eta guzti. - Ekimen handiko gizona zuan. Inguru hauetan genbiltzanean geu be etortzen gintuan ostatu hartzera, orain dela 35 bat urte. Alabek ez juen, ostera, suladaritzan ikasi. Jatera joan eta jeneroa falta. Ugazaba hori ezagun ez eze lagun ere badu Tomasek eta haren peskizan hasi da galdezka. – Badira urte bi hil zela- jarri du jakinean alaba batek.
Hiru bailarak bat egiten dute toki honetan. Egur lanean, larruaren negozioan nahiz urre bila zebiltzanentzat abiapuntu aproposa. Bazekian hark non eta zer jarri.
- Baneukan, ba, agurtzeko gogoa. Revelstokera heldu gara eta Tomasen memoria berriro hasi da lanean: - “Hementxe ginen Txomin, Anton eta ni neu; gaur presa handi hori egin duten leku honetan, pendizeko arbolak eraitsi eta ingurua garbitzen. 35 urte baino gehiago izango dira. Zenbat arrisku eta estualdi orduan baso itxia baino ez zegoen guneotan. Barriro arrisku guztiak pasatu behar banitu, ia ziur jausiko nintzela batean ez bada bestean, asko eta larriak izan dira eta”
Gaur presa handi bat egin dute Revelstoke horretan. Lau turbinak dihardute argi-indarra sortzen eta beste bi martxan jartzeko lanetan ari dira. Bazkaltzen hasi gara presaren ondoan eta bizkor-bizkor amaitzeko astia izan dugu, juxtu-juxtu. Lehendik ere mehatxuka zebilen trumoiak euri zaparrada handia ekarri du. 30 gradutik 10era pasatu gara hamar minututan. Presa barruko instalakuntzak ikusgai daude, panel, audiobisual, maketa eta guztiko azalpenekin. Barruan ez dute lagatzen argazkirik ateratzen. 11s delakoaren ondoren eta ondorioz neurri gogorrak hartu dituzte. Pentsa komando batek hemengo berri izan eta hau guztiau zartaraziko balu, zelako kalteak. Amerikar konpainia baten esku daude ibai honen eta Columbia ibaiaren hidroelektrikoak.
Gustura ibili gara barruan, presaren azpian, kanpoko euritik ihesi aterpean. Hemendik pasatzen zen Canadian Pacific hasiera batean; gero, Rogers pass-etik egin zuten bide berria. Kicking Horse River deitzen zaio, trenbidearen lehen pasabideko bailara honi.Urre bila edo zebilen eskoziar bati “zaldi ostikalari” batek (kicking horse) azken sententzia eman zioneko kontuak epopeia baten kapitulu oso bat beteko luke idazle trebe baten eskuetan.
- Hemen ere ibili ginan Laurak Bat-eko kideok. Orduan ez zuan hemen ur-presarik. Ezta gaur ikusten duzuen bide zabal hau be. Lan gogorra zuan arriskuengatik, baina ez jaukat egindakoaren damurik. Orduan lan honek dirua emoten juan, batez be geure kontura hasi ginanetik.
Mailatu batzuk gorabehera, sano irten juat. Izan ziran, baina, betirako galduak be. Nafarroako Aldatz herriko Jose Mari Agirregaz akordatzen nok. Pinu bat botatzen ziharduan eta estropozu eginda, ezin arriskutik alde. Buruan jo juan adar batek eta seko bertan. Beste talde batekoa zuan, baina ezaguna eta laguna. Ezkurratar beste bat be galdu zuan sasoi beretsuan, 1980 aldean. Elur ura zeroian ur handiko errekara egin juan mus, soka baten laguntzaz beste aldera pasatzen saiatu zanean. Ez eben lortu haren arrastorik. Etxekoak ere etorri zituan Nafarroatik, baina ezer ez. Kontua dok handik 10 bat urtera aurkitu ebela bota bat ibai baztarrean eta oin-hazurrak barruan. Etxekoak etorri zituan, barriro be, hondakinen bila.
Euripean eta lambro artean gora egin dugu aldapan, mila eta seiehun metrotik gora, baina eguraldiak ez digu utzi Rogers pass delakoa ikusten. Larrialdi eta amets askoren lekuko izan behar dute mendi eta baso itzaltsuok. Laino artean geratu da pasabide mitikoaren misterioa. Ordua ere aurreratu dugu. Vancouverren baino ordubete lehenago bizi gara hemen.
Eguraldiak hobera egin du eta eguzkiak berezko distira berreskuratu du, laino arten kurika. Columbia Icefields gure aurrean. Glaziar edo izozgune biziak eguzkiaren eta gure begipean. Urrutitik ere izotz horma handiak nabarmentzen dira. Hurreratu ere egin gara. Izotz gaineko kamioietan bertara joateko beta ere badago, baina lotsa eman digu: -Utz ditzagun izotzok bakean eta har dezatela gure begiok begirada soilaren atsegin garbia.
Hidrografiari erreparatuta, garrantzi handikoak dira izotz-zelai zabalok. Hortik hiru Ozeanotara isurtzen da ura: Fraser eta Columbia ibaiak Pazifikora doaz; Mc kenzie, Artikora eta Saskatchewan, Missouri bidez, Atlantikora, Mexikoko golkora,zehazki. Hudson badiara ere bai pare bat. Ipar-Amerikako isurialde guztiak gune baten. Bere handian, txikia da, gero, mundua! Eta bere txikian, handia.
Goialdetik beherakoan bi gauza aipagarri. Azkenean, pasabide arriskutsuak utzita, tunela egin dute Rail Canadakoek 1988an. Ikusi dugu tunelaren ahoa eta zera jakinarazi digu tomasen emazteak, Jeannek: -“jubilatu eta gero eskatu zioten nire osaba Joseph Scheelar ingeniariari tunel hau egiteko ardura har zezala. Lan horietan ibilia zen meatzetan eta baita Alaskako trenbideetan ere. Baietza eman eta ezaguna zuen makineria erabiliz eman zion tren ospetsu horri gaur eguneko bide seguruagoa”.
Mendi hegalean trenbidea zemento eta burdinazko zutabeen gainean doa. Baso ederra ez izorratzearren egindako lana dela dino Tomasek: - Azken Gabonetan hortxe egon zen trena aberiatuta egun batzuetan. Juan Martin eta haren emaztea dira lekuko.
Golden izeneko herrian amaitu da gaurko egun oparoa. Parkean entsalada eta bildots txuletak barbakoa txikian prestatu, jan, eguneko gorabeherak errepasatu eta ohera. Ederra izan da.
Golden, 2008-07-18