Arkitektura zibila eta erlijiosoa
Elgoibarko arkitektura zibila eta arkitektura erlijiosoa biltzen ditu liburuak. Batetik, arkitektura zibileko eraikinen artean honakoak daude: Udaletxea, San Lazaro ospitalea, azoka-plaza, Madalako eta Melitongo hiltegiak, frontoia, zubiak, ikastetxeak eta iturriak, armarriak eta arkua, plazak, palazio, dorretxeak eta etxeak, baserriak, fabrikak eta errotak.
Bestetik, eraikin erlijiosoen atalean, parrokiak, komentuak eta ermitak daude.
Liburuaren sorrera
Elgoibar: iragana eta oraina liburua 2007ko San Anton Egunean sortu zen. Egun horretan, IMHko museora joan zen Pello marinen erakusketa berezi bat zegoelako. Orduan beste liburu bat egiten ari zen, jo eta ke, eta tarte bat hartu zuen erakusketa ikustera joateko. Museoan Yulen eta Carmelo Urdangarinekin elkartu zen. Goiz horretarako, Carmelok Yulenen marrazkiak ikusi zituen, eta liburua ateratzeko proposatu zion, baina horretarako idatziko zuen norbait behar zuten. Museoan sartu eta makina baten parean zeudela, aurrez aurre Pello ikusi zuten, eta, halaxe, liburuaren proiektua aurkeztu, eta baiezkoa eman zien Arrietak. Hogeita hamar urte gazteagoa da Pello Arrieta Yulen baino, baina txikia zenetik ezagutzen dute elkar.
150 marrazki bidali zizkion Yulenek Pellori, eta aztertu ondoren, beste 50 egiteko eskatu zizkion Arrietak. Horrela, osatzen joan ziren berrehun egin arte.
Liburuan Elgoibarko eraikuntzak ikusiko ditugu: betiere irizpide historiko-artistikoa hartu dute ondarea jasotzeko. Historia izan duten eraikuntzak edo elementuren bati eutsi dieten eraikuntzak. Pellok berak urteak daramatza artxiboko lanak egiten Elgoibarko historia biltzeko. “Baloratzen ez dena ez da maitatzen. Eta gure herrian askok ez dituzte baloratzen hainbat bazter eta toki. Baloratzen dena maitatu eta maitatzen dena gorde egiten da”, Arrietaren iritziz.
Elgoibar ezagutzeko beste era bat da: akaso urte batzuk barru ez delako liburuan agertzen den eraikinen bat egongo, eta egonez gero, hondatuta edo beste itxura batekin egon daitekeelako.
- Informazio gehiago: Elgoibar: iragana eta oraina (Barren 680. zenb.)
•Liburuan agertzen diren ilustrazioetako batzuk: (*Liburuan askoz kalitate hobean ikus daitezke)