Lanak direla eta, Olentzeroren urteroko ibilbidea aldatu egin da

elgoibarren.net 2008ko abe. 19a, 13:17

Olentzeroren kalejira Plaza Handian hasiko dela iragarri du Atxutxiamaikak. Aurreko urteetan Madalan hasi bada ere, aurten abiapuntua eta ibilbidea aldatu behar izan dituzte, obrak direla eta. Halaber, kale batzuk trafikoarentzat itxita egongo dira. Urtero bezala, abenduaren 24an kantuak eta dantzak izango dira Olentzero eta Mari Domingirekin batera. Bestalde, Atxutxiamaikak Negulekuak antolatu ditu Gabonetako oporretarako.

 

1706640621031 Lanak direla eta, Olentzeroren urteroko ibilbidea aldatu egin da

Kalejirak 10:45ean ekingo dio Plaza Handitik. Musika eta dantza eskolako ikasleek ongi etorri berezia eskainiko diete Olentzero eta Mari Domingiri. Handik San Bartolome eta San Franzisko kaleetara joko dute. Madalara heldutakoan, Txarridunako biribilgunean hartuko dute buelta. Ibilbideak San Frantzisko eta Errosario kaletik segituko du, Foruen Plazara iritsi arte. Han Haritz Euskal Dantzari taldeak ikuskizuna eskainiko du eta Olentzero eta Mari Domingik berba egingo dute.
Ondoren, Olentzero eta Mari Domingik Behin Batean Gabonak idazlehiaketako sariak banatuko dituzte. Bi pertsonaiek umeen eskutitzak jasoko dituzte gero. Parte hartzeko eta animatzeko deia zabaldu du Atxutxiamaikak: “Txikienen poz eta irribarreak jaso baino opari politagorik ez dagoelako”, adierazi dute.
  •  Kaleak trafikoarentzat itxita: Abenduaren 24ean Olentzeroren kalejira dela eta San Frantzisko, San Bartolome eta Errosario kaleak itxi egingo dira trafikoarentzat, goizeko 10:00etatik aurrera. Kotxearekin herriko erdigunera ez etortzeko gomendioa egiten dute Udaltzaingoko arduradunek.
Negulekuak 2008
 Urtero bezala aurten ere Elgoibarko Izarra elkarteko Atxutxiamaikak negulekuak antolatu ditu gabonetako oporretan. Aurtengo txokoak Ludotekan izango dira, “oso garrantzitsua iruditzen zaigulako haurrek espazioz aldatzea eta egun batzuetan bada ere ikastetxetik kanpo egotea” azaltzen dute Aisialdi taldeko kideek. “Aisialdiko denbora Ludotekan pasatzea oso positiboa iruditu zaigu eta hala egingo dugu”.
Abenduaren 22, 23, 26, 29, 30, 31 eta urtarrilaren 2an txikienek, HH eta LH1 eta 2.mailakoek, ludotekan burutuko diren txokoetan parte hartuko dute. Aurten 24 haurrek eta 6 hezitzailek hartuko dute parte. Goizeko 9:30etik 13:00etara izango dira. Garrantzitsua da azpimarratzea goizetako programa eta zerbitzua Atxutxiamaikarena dela eta arratsaldetan Ludotekak bazkideentzat ohikoa den zerbitzua eskainiko duela.

 Bestetik LH3, 4, 5, eta 6. mailakoek hiru irteeretan parte hartuko dute. Abenduaren 29an Ekain Berriko kobatara joango dira. Abenduaren 30ean Aralarrera joango dira, elurretan jolastera eta urtarrilaren 2an Bilboko PIN era 38 haur joango dira.