Jose Zubiaurre “Balle”k 1983ko abenduaren 18an pasa zion Jose Antonio Osoro ‘Katxo’ri Udal Musika Bandako zuzendari postuaren lekukoa. Eta honek 1984ko Errege Eguneko kontzertuan egin zuen debuta Bandaren aurrean. Egun berean Txomin Mujikak zuzendari-orde postua estreinatu zuen. Katxok 50 urte baino gehiago daramatza Bandan eta Mujikak 37 urte (1971ko abuztuaren 23an jo zuen estreinakoz Bandarekin).
Ezusteko omenaldia
Bandako kideek zuzendariarentzat eta zuzendari ordearentzat prestatu zuten omenaldiak ezustean harrapatu zituen biak ala biak. Errege Eguneko kontzertua ematen ari zirela, hirugarren piezaren amaieran Iñigo Zearsolok, bandako kide eta une honetan Kultura zinegotzia ere badenak, bere postua laga eta hitza hartu zuen mikrofonoaren bitartez, ikusle eta omenduen harridurarako. Katxok zein Mujikak bandaren alde egindako lana goraipatu zituen Zearsolok. Zilarrezko heldulekudun batuta bana jaso zuten omenduek Alfredo Etxeberria alkatearen eskutik. Elkarri eman zioten besarkada ere hunkigarria izan zen.
Elgoibarko Udal Musika Bandak 125 urte beteko ditu 2010ean eta Txomin Mujikak azaldu zuen moduan, “gure aurretik izan ziren moduan gure ondoren ere etorriko dira berriak eta Bandak iraungo du, zuok, ikusleok, hor zaudeten bitartean, gu entzutera etortzen jarraitzen duzuen bitartean. Gora Elgoibarko Udal Musika Banda!"