Munduko txapeldunordeen arteko lehia Mugerza krosean

elgoibarren.net 2009ko urt. 7a, 14:41

 
Komon eta Mosop. Kenyarrak eta gazteak biak, baina beste antzekotasun bat ere partekatzen dute: Munduko kros Txapelketan txapeldunorde izandakoak dira biak, 2008an lehena eta 2007an bigarrena. Gazteenak, Komonek (1988), badu abantaila bat: jadanik erakutsi du Mintxetan irabazteko gai dela, iaz garaipena lortu baitzuen.

 
 

  Gainerako mailetarako ere makina bat antxintxikari ekartzea lortu dute Mintxeta Atletismo Taldeko antolatzaileek. Azken orduko “ezustekoren” bat ere ez dute baztertu Mintxetakoek. Domeka (urtarrilak 11) goizeko 10:00etatik 14:00ak ingurura arte iraungo du Atletismoaren jai handiak.
  Moses Mosop kenyarra izan behar zuen 2008ko Mugerza Kroseko izar nagusia, -2007ko Monbassako Munduko Kros Txapelketan txapeldunorde izatetik zetorren-, alabaina, zorigaiztoz, iaz garai honetan Kenyan sortu ziren istilu larriak zirela-eta, Mosopek ezin izan zuen Elgoibarrera etorri. Antolakuntzako lagunak berehala hasi ziren ordezkoaren bila eta begi ona dutela frogatu zuten, bete-betean asmatu baitzuten. Leonard Komon kenyar ezezaguna ekarri zuten Mosopen ordezko izateko eta gero gertatu zenak arrazoi guztia eman zien. Elgoibarren erakustaldia aparta eta garaipena lortzea gutxi ez eta Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan Kenenisa Bekele, handietan handiena, bakarrik sartu zen helmugan kenyar gaztearen aurretik.
 
Faborito argiak dira kenyarrak baina tentuz ibili beharko dute Hassan Ahmad Abdullah, Qatarreko nazionalitatea duen kenyar jatorriko antxintxikariarekin, Moses Kipsiro ugandarrarekin eta Ayele Absiro etiopiarrarekin. Azken hau Holandako 15 kilometroko lasterketa batean Kenenisa Bekele herrikideri irabazteagatik egin da ezagun.

Leonard Komon.

Moses Mosop.

  Kenyarrak faborito emakumezkoetan
  Emakumezkoetan ere lehia espero da. Hiru keniar, etiopiar bat eta hungariar batek daukate garaipenerako giltza. Faboritoak baina, kenyarrak dira. Hain zuzen, Munduko azken Kros Txapelketan lehen hamar postuetan sailkatu dira Elgoibarrera etorriko diren hiru keniarrak.
Antxintxikari nabarmenenak:
Gizonezkoak:
Leonard Patrick Komon (Kenya)
*2008ko Mugerza Kroseko irabazlea
*2008ko Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan txapeldunorde
*IAAFeko sailkapenean 5. postuan

Moses Mosop (Kenya)
*2007ko Monbassako Munduko Kros Txapelketan txapeldunorde
*10.000 metrotan markarik onena: 26´49´´

Hassan Ahmad Abdullah (Qatar)
*2008ko Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan 8. postua
*2008ko Munduko maratoi erdi txapelketan brontzezko domina
*2003ko Mugerza krosean txapeldunorde Kenenisa Bekeleren atzetik.
*10.000 metrotan markarik onena: 26´38

Ayele Absiro (Etiopia)
*2008ko Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan txapeldunorde junior mailan

Kontutan hartzeko beste atleta batzuk: Chema Martinez, Ricardo Serrano, Antonio Nuñez, Javier Carriqueo (Argentina), Youssef Aakou (Maroko), Miguel Barzola (Argentina).


Emakumezkoak:
Priscah Jpleting (Kenya)
*2008ko Mugerza Kroseko irabazlea
*Pekineko Joko Olinpikoetan finalista
*2008ko Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan 7. postua.

Grace Momanyi (Kenya)
*2008ko Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan 10. postua
*10.000 metrotan markarik onena: 31´08´´

Florence Kiplagat (Kenya)
*2008ko Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan 5. postua
*5.000 metrotan markarik onena: 14´40´´

Zemzem Ahmed (Etiopia)
•IAAFeko sailkapenean 7. postuan
•Pekineko joko olinpikoetan 7. postua 3.000 metro oztopoetan

Aniko Kalovicks (Hungaria)
*2007ko Europako Kros Txapelketan 5. postua
*Pekineko Joko Olinpikoetan finalista
*2007ko Mugerza Krosean 4. postua

Kontutan izateko beste atleta batzuk: Alessandra Aguilar, Diana Martin, Sara Moreira (Portugal), Sonia Bejarano, Isabel Checa eta Cristina Jordan.