EB-Aralar eta PPk kontra bozkatu zuten. Francisco Javier Nuñezek Elgoibarko PPren webgunean adierazi du bere postura eta 2009ko aurrekontuaren egitasmoa ere igo du bertara pdf formatoan. Bere esanetan, Udalak dirua gaizki erabiltzen du, publizitate eta azterketetan diru asko gastatuz, baina herritarrentzako zerbitzu eta hobekuntzarik ez omen da aurreikusten. Berak esandakoaren arabera, Udalak 95.000 euro gastatuko ditu publizitatean, eta 300.000 eurotik gora ikerketetan, eta hori “gehiegi da”. PPko zinegotziak, bestalde, PSE-EE alderdiaren jarrera kritikatu zuen aurrekontuen alde bozkatzeagatik.
Inbertsioak %25 gutxiago
Aurrekontuaren txikitzeak inbertsioei eragingo die, batez ere, eta iazkoaren alderatuz, %25 gutxiago erabiliko du Udalak inbertsioetarako. Guztira, 3.778.200 euro izango ditu inbertsioen atalak. Lanik garrantzitsuena Osasun Zentro ingurunetik Kiroldegiraino jarriko den igogailua izango da. Trenbidearen gainetik, oinezkoentzako pasabide bat egingo da eta Udalak dagoeneko eskuratu du Euskotren enpresaren baimena. 500.000 euro erabiliko dituzte horretarako. Bestalde, Antonio Arrillaga eta Ubitarte kalea urbanizatuko dituzte (350.000 €).
- Beste partida azpimarragarri batzuk:
- Proiektuak idaztea (285.000 €)
- Mintxetan paddel pistak jarri (248.000 €)
- Altzolan hobekuntzak egiteko (100.000 €)
- Gune publikoak mantentzeko lanak egitea (150.000 €)
- Barandak berritzea (100.000 €)
- Hiri-guneak berregokitzea eta iresgarritasuna hobetzea (307.000 €)
- Mugikortasunari buruzko azterketa osoa idaztea (60.000 €)
- Haurrentzako jolas berriak instalatzea (150.000 €)
- Hiri-sarearen “gune kritikoetan” ez labaintzeko tratamendua ematea (30.000 €)
- Hiri-altzariak, seinaleak eta kale-argiak berritzea (80.000 €)
- Arriaga eta Idotorbe (San Pedro) auzoetan bertakoentzako lokalak egokitzea (285.000 €)
Era berean, Udalak 4,1 milioi euro izendatuko ditu langileen gastuetarako (2008 urtean baino %5 gehiago). Bestetik, 6 milioi euro jarri dira gastu arrunt eta zerbitzuetarako (aurten baino %16 gehiago); eta 2,2 milioi euro, udalaren diru-laguntzetarako (2008 urtean baino %2,45 gutxiago).
Gainera, 2009ko Udal Kontuetan milioi bat euroko partida bat aurreikusita dago Hezkuntza, Prestakuntza eta Industriarako. Sortu berri den atal honetan honako gastu hauek sartzen dira: ikastetxeak mantentzeko ohiko gastuak eta Musika Eskolari egingo zaion 328.000 euroko ekarpena. Besteak beste, 60.000 euroko bi partida ere izendatuko dira, hurrenez hurren, ekintzailetasuna (batez ere, ikasle eta langabetuen artean) bultzatzeko eta lan arloko politikak sustatzeko. Horretaz gain, epigrafe berri honetan, 25.000 euro bideratuko dira ikerketa bat egiteko. Ikerketa horretan, enpresek, Udalaren ardurapeko arloetan (lurzorua gordetzea, sarbideak hobetzea...) dituzten beharrizanak jasoko dira.
Pilar Ikastetxea
Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Pilar ikastetxea ongizate gaietarako azpiegitura bezala erabiltzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Osoko Bilkurak hitzarmen hori onartu zuen Aralar alderdiaren abstentzioarekin.