Antxintxika ala hegan?
Senior gizonezkoen lasterketako ibilbidea 116 metro luzatu den arren, iazko irabazleak, Leonard Komonek, egin zuen denbora 36 segundotan hobetu du aurten Ayele Abshiro etiopiarrak (31´18´´). Komonek berak ere iaz baino 14 segundo gutxiago behar izan zituen 10.796 metroko ibilbidea burutzeko. Moses Mosop sailkatu zen bigarren postuan 31´40´´ denborarekin. Scott Overall ingelesa izan zen lehen europarra, zazpigarren postuan (32´40’’). Eta, ingelesaren atzetik sailkatu zen lehen espainiarra, Mohamed Elbendir. Helmugara ailegatzen lehen euskalduna Hossain Kanaache oriotarra izan zen, 28. postuan.
Senior lasterketa bizia eta ikusgarria izan zen. Atleta bat besteen gainetik nabarmentzea izan ohi da ohikoena, baina atzoko krosean hiru atleta nabarmendu ziren gainerakoengandik: Abshiro, Komon eta Mosop. Eta, ia amaiera arte mantendu zuten borroka ikusgarria. Afrikarrek irteera marratik bertatik ezarri zuten galbahea eragin zuen erritmo itogarria, gaindiezina gainerako atleta saiatuentzat. Inguruko lasterketetan oso maila onean ibiltzen diren atleta asko eta asko doblatu zituzten lehen sailkatuek, izan ere kilate askotako partaidetza izan du Mugerza Krosaren 66. edizio honek ere.
Munduko Kros Txapelketa Jordanian
Bai Komon eta bai Abshiro ezezagunak ziren gehiengoarentzat Elgoibarren garaipenak lortu arte. Lehena txapeldunorde izan zen gero Edinburgoko Munduko Kros Txapelketan, Kenenisa Bekele handiaren atzetik. Lortuko ote du Abshiro gazteak balentria hori berdindu edo gainditzerik? Munduko txapeldunorde izatea zer den badaki; iaz lortu zuen Edinburgon bertan, junior mailan baina. Eta are garrantzitsuagoa, Kenenisa Bekele herrikideari irabaztea zer den badaki. Joan zen azaroaren 16an lortu zuen Bekele garaitzea Holandako “Seven Hills” izeneko 15 kilometroko lasterketan, nahiz eta Bekelek txorkatilan zituen arazo batzuen ondorioz erdi lesionatuta parte hartu zuen, egiari zor. Martxoaren 28an argituko dira zalantza guztiak Amann hirian, Jordanian, jokatuko den Munduko Kros Txapelketan. Halere, baliteke Abshirok junior mailako lasterketan parte hartzea. Dena dela, Abshiro, Komon edo Mosopek irabaziko balute, edo aurreneko postuetan ibili, puntuak eta oraindik ere daukana baino prestigio handiagoa bereganatuko luke Mugerza krosak.
Ama zoriontsua
Amatasuna eta goi mailako konpetizioa uztartzeko gai izan da Florence Kiplagat kenyarra, eta denbora laburrean, gainera. Iaz ama izan, atletismotik atseden hartu, aurten itzuli eta dagoeneko hasi da garaipenak eskuratzen. Azkena Mugerza krosean. Aniko Kalovics izan zuen arerio bakarra. Hungariarra ohikoa da Mugerza krosean eta ondo doakio Mintxetako ibilbidea. Ausarta da gainera, eta hasieratik bere erritmo itogarria jartzen saiatu zen. Kiplagat ttipiak ez zuen erritmo hori mantentzeko arazo gehiegi izan eta unea ailegatu zela iruditu zitzaionean denak atzean laga eta bakarrik sartu zen helmugan (21:39). Italian kros bat irabazi berri duen Kalovics-i 17 segunduko aldea atera zion irabazleak. Cristina Petite bizkaitarra izan zen lehen euskalduna 18. postuan.
Jendea eta eguzkia
Atleta bikainek hartu dute parte aurten ere Juan Mugerza Nazioarteko Krosean. Partehartzeak eta eguraldi hotz baina eguzkitsuak erakarrita jende asko igo zen Mintxetara, eta lasterketa guztiak atletismo zaleak asetzeko modukoak izan ziren, hasi alebin mailako lasterketetatik eta senior mailakoetaraino. Mintxeta Atletismo Taldeko hainbat atletek parte hartu zuten lasterketetan eta askok laga zuten arrastoa, konpetentzia handia izanagatik. Iñaki Sagarna elgoibartarrak infantil mailan lortu zuen bigarren postua azpimarratu behar da. Hona hemen 2009. urteko ekinaldiko argazki mordoa eta lasterketa guztietako sailkapenak.
- ARGAZKIAK: 2009ko Mugerza Krosa (elgoiBARREN.net mediateka)
- Sari banaketetako argazkiak (elgoibar.org)
- Lasterketa guztietako sailkapenak (mintxeta.com)
- Mugerza krosa (2006 eta 2007) (mediateka)