Jasone Osoro: “Hitza, gaur egun, prostituta bat da boterearen atzamarretan harrapatua”

elgoibarren.net 2009ko urt. 15a, 09:39

 
Berbetaz, esaten denaz, iritzia emateko eskubideaz eta beldurretaz gogoeta egiten du Jasone Osoro kazetari eta idazleak Diario Vasco egunkarian duen zutabean (Plaza de Gipuzkoa).

 
 
 

  Berbak
  Bla, bla, bla. Hitzak, esaldiak, perpausak, paragrafoak. Arma arriskutsua dira hitzak. Inork ez dezala ezer esan aldez aurretik ondo hausnartu gabe. Inork ez diezaiola inori ezer kontatu, aldez aurretik pertsona hori nor den konprobatu gabe. Garesti daude hitzak demokraziaren aroan. Bakea lortzeko mahai batean hitz egitea delitua da. Askoz hobe dira armak helburuak lortzeko berbak baino. Garesti daude hitzak, eta batzuk bakarrik erabili ahal dituzte. Alberdi polítiko guztiek ez daukate hitza erabiltzeko eskubiderik. Herri-galdeketak ere legez kanpo daude. Egunkariak itxi izan dira. Baina, demokrazia ez al da herritarrek iritzia emateko eta aukeratu ahal izateko eskubidea izatea? Ez al da herritarrei ematea hi-tza? Zeren beldur dira agintariak? Zeri diogu beldur geuk? Hain lehergailu hilkorrak al dira, bada, berbak?
 Ironikoa da jakitea politikariek komunikazio aholkulariak dituztela, coach edo entrenatzaile antzekoak, mitinetan zer eta nola esan behar duten jakiteko. Diktadura garaian hitza debekatuta zegoen. Are gehiago euskaraz esandako hitza bazen. Eta gaur egun, oraindik ere, munduari errepaso bat eman besterik ez dago hitzari batere lekurik egiten ez zaiola ikusi ahal izateko. Alferrik esango dio munduak Israeli su-etena ezartzeko. Hamas-i ere bost munduak zer esaten duen. Zertarako hitzekin negoziatu misilak eta suizidak izanik? Inozoak bakea berbekin lortu ahal dela sinesten dugunok. Hitza, gaur egun, prostituta bat da boterearen atzamarretan harrapatua.