Morkaiko Mendizale Elkarteak Open Altitoy 2009an parte hartuko duten herritarrak animatzera joateko laguntza eskainiko du.
- Informazio gehiago: Morkaiko Mendizale Elkartea
• Elgoibartarrak eski txapelketetan
Makina bat elgoibartar joaten da asteburu zein astegunetan eskiaz disfrutatzera Piriniotako hainbat eski estazio eta mendietara. Bada, ordea, txapelketetan aritzen den eskiatzaile elgoibartarrik ere, gero eta gehiago dira gainera. Hona hemen elgoibartarrek parte hartu duten azken eski lasterketa batzutako emaitzak.
- Krono-igoera Candanchun: Urtarrilaren 3an Candanchu-ko eski estazioan egin zen krono-igoeran parte hartu zuten Arkaitz Iruretak eta Iñigo Larizek. Guztira 70 eskiatzailek parte hartu zuten gauez egin zen krono-igoeran, eta 13. eta 17. postuetan sailkatu ziren Irureta (46:06) eta Lariz (49:37), hurrenez hurren. Raul Lopez guardia zibilak irabazi zuen proba, 33 minutu eta 48 segundoko denborarekin. (Proba honetako argazki gehiago behean dauzkazue)
- Krono-igoera Luz Ardidenen: Euskal Mendi Federakuntzak antolaturik, mendi eskiko “stage” edo ikastaro bat egin zen bigarren urtez joan zen, abenduaren 26tik 28ra, Luz Ardideneko pistetan. Ikastaro honen helburua jendea mendi eskian trebatzea zen; teknika, materiala eta segurtasunak garrantzi handia dutela irakastea. Helburu hori lortzeko, lasterketetako teknikak erakutsi zizkieten parte hartzaileei. Gazteen taldea osatzeko hautapenerako ere balio zuen ikastaroak, eta Eñaut Izagirre elgoibartarra hautatua izan zen. Stagearen barruan baita ere, lasterketei beldurra kentzeko xedearekin 500 metroko krono-igoera bat antolatu zen abenduaren 27an. Ikastaroan zeuden elgoibartarrek ere parte hartu zuten. Lehena Iñigo Lariz izan zen eta sailkapen nagusiko 7. postuan sailkatu zen. Talo eta sagardoen faltan, "indarbarrak janez eta isostar edanez" ospatu zuten Gabon Zahar Feria eguna elgoibartarrok.
- Frantziako Kopa Luchonen: Urtarrilaren 10ean eta 11n Frantziako Kopako proba bat jokatu zen Luchon-en, Viellatik gertu. Alpeetako eta Pirinioetako lasterkari onenak bildu ziren bertan eta Iker Leonardo eta Arkaitz Irureta ere bertan izan ziren, urteko lehen eski lasterketa luzean parte hartzeko prest. “Nibela izugarria zenez, azkenak ez geratzea zen helburua eta helmugara iristean helmugako pankarta oraindik bere lekuan aurkitzea”. Helburua ondo betetzea lortu zuten azkenean, “sailkapenean erdi aldean sailkatuengandik hurbilago geratu ginen”. Gauzak horrela, han bizitakoekin asebeteta bueltatu ziren etxera, “eguraldia, elurraren egoera, antolakuntza eta ingurunearen edertasuna, denak alde izan genituen”. Lasterketako informazio gehiago hemen: challenge-lhm.com