Ez da berria, askotan eman da gurean musikan, literaturan, zinean, hizkuntza tartean denean. Igoal konfundituko naiz baina, kontu hau askotan errepikatzen ote den...
Sortzaileak ahalegin handia egiten du, badu motibazioa, zer esana, gaitasuna eta jakintza, entzule edo hartzailerik beharbada ez, baina tira, inoiz ez da jakiten eta besterik ezean, norbere buruari poz bat ematearren eta (hizkuntzari dion) maitasunagatik egingo du egin beharrekoa.
Gerora, eginahalaren sukarra apaltzen denean hasten dira zalantzak, oihartzun, estimazio, kritika, onarpen, salmentarik ez dagoenean. Orduan,
pentsa dezake, ideia ona zela baina emaitza ez duela borobildu, erdipurdikoa dela, mediokrea, eta etsi. Edo tematu. Edo
pentsa dezake euskaldunaren izaerari dagokiola estimurik eza, zekenak garela, lehorrak, emozioak adierazteko orduan anorexikoak. Barru barruan, oso ezkutuan izan dela bere lana estimatua, nahiz eta inor jabetu ez. Edo
pentsa dezake euskarak duela errua. Inork ez duela sinisten umeen edo bertsolaritzaren mundutik aparte euskaraz ezer interesgarririk egin daitekeenik. Berak bakarrik sinetsi duela, bakar bakarrik geratu dela alegia. Edo
pentsa dezake aurrea hartu diola bere garaiari. Hiltzen denean eskertuko diotela. Edo
pentsa dezake bera ez bezala, gainontzekoak direla erdipurdiko, mediokre eta ezjakin, eta etsi. Edo tematu.
Haizeak nondik jotzen duen, halako pentsamenduak buruan, zirt edo zart egin artean. Izan ere gurean, bai egiteko eta bai desegiteko, zoritxarrez edo zorionez, oraindik zirt edo zart egin beharrean gaude beti.
- Ikus hemen: Asier Etxanizen testu guztiak