San Anton Jaiak ospatuko ditugu asteburuan

elgoibarren.net 2009ko urt. 16a, 09:24

 
San Anton Eguna, urtarrilak 17, zapatuan tokatu da aurten eta asteburu osoan santuaren omenezko jaiak ospatuko ditugu Elgoibarren. Mota askotariko ekitaldiak antolatu ditu Udaleko Kultura Sailak. Urtez urte ohitura bihurtu direnak: San Anton Pilota Txapelketa, zigilu erakusketa, Ertzaintzaren Bandaren kontzertua… zein berrikuntzak, domekako “Koloretan” txapelketa, esaterako.

 


  "El Jefe de todo esto" Ados Teatroa konpainiaren antzezlanarekin hasiko dira asteburuko ekintzak, gaur gauean (22:15) Herriko Antzokian. Biharko eguna 11:00etako meza nagusiarekin hasiko da, eta San Bartolome Parrokiako Abesbatzak abestu egingo du. Gero, 12.00etan, zigilu erakusketaren inaugurazioa egingo dute Kultur Etxeko erakusketa gelan. Erakusketa, Gure Bide eta Zubi Ondo elkarteen 50. urteurrenari eskainita dago. 12:30ean, Ertzaintzaren bandaren kontzertua egingo dute Herriko Antzokian. Gainera, egun osoan zehar umeentzako parkea jarriko dute Plaza handian: 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Euria egingo balu Ikastolan jarriko lukete parkea.

  Koloretan txapelketa

1706640586034 San Anton Jaiak ospatuko ditugu asteburuan

  Domekan, 11:00etan hasiko dute Koloretan mahai-joko txapelketa Kultur Etxeko sotoan. 40 lagunek eman dute izena: 15 bikote eta bakarkako 10 izango dira.
Sariak punta-puntakoak izango dira: irabazleak txapela eta 500 € eramango ditu etxera; bigarrenarentzat, berriz, 300 € egongo dira; eta, azkenik, hirugarrenak, 150 € jasoko ditu. Erraldoi eta buruhandiek kalejira egingo dute, 12:30ean, Herriko Dultzaineroekin. Eguna amaitzeko, 16:30ean, Zirko Ttipiaren Txalo Zirkus antzezlana ikusi ahal izango da Herriko Antzokian.

  Hirugarrengoan bai?

Larrañaga eta Loiola (esk.) iaz finala galdu eta gero.

 Eneko Loiola sanmigeldarrak San Anton Pilota Torneoa irabazteko hirugarren aukera izango du gaur (urtarrilak 16) iluntzean Ikastolako frontoian. Loiola birritan ailegatu da finalera: 2006an Baez II donostiarrarekin bikote eginez Belloso eta Oteizaren aurka galdu zuen eta iaz ere, 2008ko edizioko finalean, amore eman behar izan zuen Ongai eta Mariñelarenaren aurrean. Hirugarren aukeran lortuko ote du txapela? Atxotegi plaentxiarraren laguntza izango du aurreko koadroetan. Aurrez aurre plaentxiar bat, Jauregi eta bergarar bat, Muguruza izango dituzte. Aspaldiko partez ez da pilotari nafarrik iritsi San Anton Torneoko finalera; guztiak dira gipuzkoarrak. Aldiz, promesa mailan egongo da pilotari nafarrik, nafar eta errioxarren arteko lehia izango baita. Jaunarena  eta Zabaleta nafarrak Gorka eta Merino I errioxarren aurka arituko dira lehen partidan 22:00etatik aurrera.

1706640586101 San Anton Jaiak ospatuko ditugu asteburuan

  • 2009ko San Anton Jaien egitaraua:(egin klik eskuineko taulan handiago ikusteko)