Txomin Mujika: “Bandan ezinbestekoa da giro ona; bestela, ilusiorik ez badago, jai dago”

elgoibarren.net 2009ko urt. 16a, 11:04

Txomin Mujikak 25 urte egin berri ditu Elgoibarko Musika Bandaren zuzendari-orde karguan. Bandan, baina, 1970. urtetik dihardu. Gaur egun Bilbo Musikako gerentea da. Bilboko Musika Eskola (1.500 ikasle), Udal Txistu Banda eta Udal Musika Banda daude Bilbo Musikaren barruan. Txistua eta bonbardinoaz gain, dultzaina ere jotzen du. Aurrekoak gutxi ez eta konpositorea ere bada. Iñigo Zearsolok bandako kide guztien izenean Errege Eguneko kontzertuan "Katxo"ri eta Txomini egin zieten omenaldian azaldu zuen moduan, "Txomin Musika beharko luke bere abizenak".

 
 
1970 urtean hasi zinen Elgoibarko Musika Bandan, baina musikarako zaletasuna noiztik daukazu?

1706640585614 Txomin Mujika: “Bandan ezinbestekoa da giro ona; bestela, ilusiorik ez badago, jai dag

Umetatik daukat, eta, egia esan, etxean ez nuen erraztasun handirik topatu. Baina beti eduki dut musikarako joera. Txistua ikasi nahi nuen umetan, baina horretarako ere ikasketa minimo batzuk edukitzea eskatzen zuten. Beraz, lehendabizi flauta antzeko batekin hasi nintzen, eta gero txistuarekin. Txistua erakutsi zidanak, gainera, lehenengo solfeoa ganoraz ikasi behar nuela esan zidan. Balio handiko aholkua izan zen. Apaiz batekin hasi nintzen solfeoa hartzen, Don Andoni apaizarekin, gero Ezeiza izan nuen maisu, organista; eta haren atzetik, Angelita Zabaletarekin asko ikasi nuen. Gero, interno joan nintzen Gasteizera fraideekin, eta han ere asko egin nuen.
Urteetan txistulari izan nintzen. Gaztetxoa nintzela, Bandako kontzertuetara eta bailableetara joaten nintzen, baina ez dantzara, Banda entzutera baino. Han bazegoen instrumentu bat; izena ez nekien, eta espeziala zen. Bueltak ematen, bueltak ematen… Bonbardinoa zen instrumentua eta neuk bakarrik ikasi nuen. Lagun batzuk akademian zebiltzan eta tronpeta ikasteko metodoa zeukaten: hura ikusita, posturak ikasi, eta neure kabuz, ahal nuen moduan ikasi nuen bonbardinoa jotzen. Nik banda entzuten nuenean, niretzako Berlingo Sinfonikoa baino hobea zen. Txistua jotzen nuen orduan eta gustura nenbilen, baina hura entzutea niretzako zen el no va más. Eta nire ametsa zen egunen batean han barruan jotzea.
Hamazortzi urte nituela Mausitxa Txaranga sortu zen, eta han ez nintzen hasi jotzen, txarangeroek ez zekitelako ni bonbardinoarekin endredatzen ibiltzen nintzenik. Baina partitura aldetik laguntzeko etorri ziren niregana, eta esan nien, “konforme, baina neuk ere joko dut”. Orduan akademiako giltza eta dena neukan eta munduko ordu guztiak ematen nituen han. Baina orduan etxean estudioak besterik ez zituzten ikusten. Anekdota moduan, karrera hasteko nengoela, aitak galdetu zidan ea zer ikasteko asmoa neukan. Eta esan nion musikari ikasiko nuela. Eta erantzun zidan: “Komedianteen moduan ibiltzeko beti edukiko duzu astia, eta lehenengo ikasi zer edo zer ganorazkoa”.
Baina txarangak eman zidan aukera hasteko. Eta Mausitxan ari nintzela jotzen, orduko bandako zuzendaria etorri zitzaidan. Santa Zezilia Eguna izan behar zen, eta nik koruan kantatzen nuen. Orduan, Jose Zubiaurrek esan zidan kalejira eta kontzertua jotzera joateko. Hura nire ametsa zen, eta gogoan daukat zelan jo nituen kalejira eta kontzertua. Bazkaltzera ere gonbidatu  ninduten, eta berrehun pezeta eman zizkidan. Horrela hasi nintzen bandan.

Txistua eta bonbardinoaz gain, dultzaina ere jotzen duzu.
Tuba ere jotzen dut orain Bandan. Txistua betidanik jotzen dut eta banda eta dultzaina antzera hasi nituen: lehena 1970ean, eta bigarrena 1972an. 36 urte daramatzat taldearekin dultzaina jotzen.

Beste instrumenturen bat ere ikasi nahi izango zenuke?
Gustatu, gauza asko; baina konforme nago daukadanarekin.

1984an zuzendari-orde hasi zinen Elgoibarko Musika Bandan. Zer ekarri zizun horrek zuri?
Niretzako poz handia izan zen Jose Zubiaurrek laga aurretik, gauzak ondo laga nahian, zuzendaria eta zuzendari-ordea zeintzuk izango ziren lotuta utzi nahi zuelako. Nirekin pentsatu zuen zuzendari-orde izateko: poz handia eman zidan erakutsitako konfiantzagatik. Gainera, entsegu batean esan zuen utzi egin behar zuela, eta asmoa zela Jose Antoniok (Jose Antonio Osoro) zuzendari jarraitzea eta nik zuzendari-orde. Baina norbait konforme ez bazegoen proba batzuk egingo zituela aukeratzeko. Inork ez zuen ezer esan, eta horrek ere poza eman zidan.

Zein da zure lana?
Zuzendaria eta ordea taldea dira. Garrantzi handikoa da hori. Eta gero, zuzendaria ez dagoenean, edo ezin duenean, neuk zuzentzen dut. Gero partiturak ekarri, programak ezarri behar dira zer jo erabakitzeko. Komunikazio handia dago bion artean. Sasoi batean Jose Antonioren emazteak esaten zuen ni Katxoren nobia nintzela, berarekin baino gehiago egoten nintzela.

Bilbo Musikako gerentea ere bazara, zer egiten duzu han?
Bilbo Musikaren barruan daude Bilboko Musika Eskola (1.500 ikasle), Udal Txistu Banda eta Udal Musika Banda. Profesionalak dira azken biak, eta hiruren gestioaz arduratzen naiz.

Batuta eskuan hartuta, ala batutari begira aurrez aurre jotzen egotea nahiago?
Biekin gustura. Batutarekin nagoenean gustura nago, egia esan, eta jotzen ere bai. Tokatzen denean, tokatzen dena.

Orain Jose Antoniok entzuten ez gaituela... zer nolako zuzendaria da?
Zuzendari ona da. Hasi ginenean berrogei ginen eta gaur egun 52 musikari. Obra berri pila bat ekarri dira, eta hori guztia zuzendariak eroan behar du, eta meritu galanta dauka. Baina badauka beste gauza bat ere: mano izquierda. Gauza bat musika da, eta beste bat horrelako talde batean ilusioa komunikatzea. Lana ugari egiten du. Kanpoko jendeak ez du pentsatu ere egiten: ez da bakarrik zer jo erabaki eta banatzea. Kontzertuaren aurretik komunikabide guztietara joan, Antzokira joan, eta arazoak konpondu... Hori zailagoa da batuta eskuetan hartzea baino. Badaude zuzendari batzuk markesak direnak, eta batuta eskuan hartu eta amaitutakoan ospa egiten dutenak, baina herriko banda batean hori ezin da egin.

Zuri helduta berriro, bandako zuzendari-ordea, txistularia, dultzaineroa, bonbardinoa, tuba... Bilbon ere gerenete, eta gainera konositorea ere bazara...
Endredatu egiten dut nik. Tonto-tonto hamazortzi urte pasa dira hasi nintzenetik. Poliki-poliki ikusi nuen sortzen nituen gauzak beste batzuk ere jotzen zituztela, eta poza ematen du. Eta holaxe jarraitu nuen, Getariako ereserkirako ere aurkeztu nuen lana. Letra beste bonbardino-joleak egin zuen, Aitzol Arriolak, eta gero, getariarrek aukeratu zuten. Herriaren aukera izan zen. Poz handia hartu nuen, egia esanda. Sasoi batean Elgoibarko danborradako antolaketa taldeak eskatu zidan zerbait egitea, eta Beti Elgoibar izena jarri nion. Danborradako martxa da, herriko martxa, baina ez da Elgoibarko ereserkia. Elgoibarrek ez dauka ereserkirik... momentuz.

Bandari helduta, zein da inoiz falta ezin den instrumentua musika bandan?
Baxua. Hori gabe ezin da. Hutsune handia sortzen da bera gabe. Behin egin genuen demostrazioa, gainera. Elgoibarko bandak jotzen duenean aurkezpenak egiten ditut, eta esan nion entzuleei adi egoteko. Momentu batean baxua isildu egingo zela eta. Hasi ginen jotzen, isildu ziren eta banda erdi hutsik geratu zen. Eta berriz sartu zirenean, orduan ondo.

52 lagun zarete bandan. Zer giro daukazue?
Bandako nagusienak Katxo eta ni gar, eta giroa ezin hobea daukagu. Hori gabe ezin zaio eutsi bandari, diziplina eskatzen baitu. Astero-astero entseguak egin behar dira. Jende asko dago urte mordoa daroana bandan: 25 urte inguru. Gainera, badaude bandatik ateratako musikari profesionalak, aukera daukatenean bandara etortzen direnak jotzera. Horri eusteko, ilusiorik ez badago, jai dago.

Bandako zuzendaria eta zuzendari-ordea hunkituta egin zieten omenaldian.

Makina bat urte daramatzate Katxok eta Txominek Udal Musika Bandan


Piano ala forte, zer nahiago?
Momentuaren arabera, bata edo bestea. Piano batzuekin dardara ematen dit, eta batzuetan, fuertea ere ederra da. Batzuetan pianoa jotzen urtu egiten zara, eta forteak jotzen ere malkoak, emozioa.

Zerk jartzen zaitu allegre, eta zerk adagio?
Musika aldetik, allegroak berak jartzen nau allegre. Baina askotan ez dator poza hortik bakarrik. Jon Williamsek, adibidez, allegroa egiten ez badu ere, emozioa transmititzen du. Badaude allegre batzuk ez dutenak ezer esaten, eta baita adagio batzuk ez dizutenak ezer transmititzen. Hori ere momentuaren araberakoa da.

Datorren urtean bandak 125 urte beteko ditu. Badu jarraipenik bandak?
Azken urteotan Musika Eskolatik etorri dira umeak, eta Elgoibarren indarra dauka. Lehen sasoi batean, hamar lagun hasten baziren hortik, zortzik jarraitzen zuten. Gaur egun, ehun ume hasi eta ez dute 80k jarraituko, baina, askok bai.

Zein da zuzentzeko gehien gustatzen zaizun abestia, eta zein jotzeko?
[Asko pentsatu ondoren] Zaila da abestiak aukeratzea, asko daude. Pertsona batek zortzi seme-alaba ditu eta galdetzen badiote zein gustatzen zaizu gehien? Horren parekoa da galdera. Zuzentzeko, Largo de Haendel. Katxoren omenaldian aukeratu nuen elizan jotzeko. Urtu egiten naiz hori entzuten, eta zuzentzerakoan klimaxa da. Eta jotzeko, La Gazza Ladra eta Tango para un toreador.
 
Testua: Edurne Burgaña
Argazkiak: Edurne Burgaña eta Aitor Zabala.