Asier Iza, 32 urteko hondarribiarra da “Forjados” film laburra izango denaren zuzendaria. Honakoa, zuzentzen duen hirugarren laburmetraia da eta Alcorta enpresan grabatzeko aukera bertan lan egiten duen langile baten laguna delako sortu zitzaion.
Ronroneo Films ekoiztetxeak ekoizten duen filmerako hogei bat teknikari eta bost aktore ari dira Alcortan lanean. Aktoreak, Antonio Rupérez, Maxi Rodríguez, Ramón Agirre, Asier Hormaza eta Zuriñe Oscoz dira. Grabaketak amaitzen dituztenean 12 minutu inguruko iraupena izango duen laburmetraia muntatzeko asmoa duela aurreratu du Iza zuzendariak. Datorren udarako prest izatea gustatuko litzaioke, gero ahalik eta jaialdi gehienetan erakutsi ahal izateko.
Bi hornitzailek, teknikoa bata eta komertziala bestea, bezero bati egiten dioten bisita kontatzen du laburmetraiak. Une jakin batean tentsio uneak sortuko dira euren artean eta lantokiak zirku baten itxura hartuko du; forjan zehar pertsekuzio eta guzti.
Argazkiak: Jabi Leon.