Estreinekoz euskaraz eman da langileentzako iraunkorreko ikastaroa Elgoibarko IMHn

elgoibarren.net 2009ko urt. 19a, 15:00

 
Eskaripean bat edo beste eman bada ere, katalogoan programatutako ikastaroei zegokionean taldeak osatzeko orduan ez zen lortzen kopuru minimoa ikastaroak abiatzeko, nahiz eta aukera ezberdinak saiatu izan dituzten orain artean.

 


  Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak dagoeneko antolatu ditu 239 ikastaro uztaila bitartean, horietatik bost euskaraz: Automatismo elektriko kableatuak, Automatismo hidraulikoak, CNC fresatzeko makinaren programazioa (Heidenhain), CNC Tornua 1. maila (FAGOR) Programazioa eta CNC Tornua 2. maila (FAGOR) prestaketa.
Kontutan izan behar dugu Elgoibarko IMH prestakuntza teknikoa euskaraz ere eskaintzeko lanetan diharduela duela bost urtetik hona "Goazen" euskararen erabilera sustatzeko proiektuaren bidez. Hasierako Lanbide Heziketa arloan euskarazko taldeak badituzte, eta IMH Ingeniaritza Eskolan euskaraz ikasi nahi duten ikasleentzat azken urteetan euskaraz ikasteko ikasgaien ehunekoa handitzen joan dira. Honela, 2008an hasi duen 13. promozioak dagoeneko ikasgaien %60 euskaraz jarrai dezake eta hau izango da ingeniaritzan hemendik aurrera mantenduko dena: %60 euskaraz, %30 gazteleraz eta %10 ingelesez.
  Prestakuntza iraunkorrari dagokionean, “eskaripean bat edo beste eman bada ere (azkena Elay empresari metrologiari buruzkoa) katalogoan programatutako ikastaroei zegokionean taldeak osatzeko orduan ez genuen lortzen kopuru minimoa ikastaroak abiatzeko, nahiz eta aukera ezberdinak saiatu, esaterako gehien errepikatzen diren ikastaroak euskaraz antolatu. Gertatu izan da noizbait ikastaroa abiatu eta ikasleak euskaldunak direla ohartuta irakasleak prestakuntza euskaraz ematea, baina antolatuta ez zegoen ikastaroan eta materiala ere euskaraz izan gabe”.
 Hortaz, 2008an lortutakoarekin 2009an euskaraz emango diren ikastaroen kopurua gehitzea da IMHko arduradunen itxaropena eta desioa.