Behin-behineko askatasunean dago Justo Arriola

elgoibarren.net 2009ko urt. 20a, 10:54

 
AHTren aurkako protestan Urbinan atxilotutako zortzi lagunak, Justo Arriola elgoibartarra barne, atzo iluntzean askatu zituzten, hiru egun inkomunikatuta egon ondoren.



 Joan den larunbatean Urbinan (Araba) Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetara gerturatzeagatik Ertzaintzak atxilotutako zortzi lagunak atzo iluntzean askatu zituzten. Ertzaintzak desordena publikoa egotzi zien. Tratu txarrak salatu dituzte atxilotuek, eta auzia Auzitegi Nazionalera eramateko ahalegina egin dutela salatu du defentsako abokatuak. Justo Arriola berak azaldu duenez, zapatuan (urtarrilak 24) Urbinan (Araba) bertan prentsaurrekoa eskainiko dute gertatu denaren euren bertsioa azaltzeko.

 Atzo gaueko 11:00etan ongi-etorri txikia egin zioten Justo Arriolari AHTren Kontrako Elgoibarko taldeko kideek. Azken hiru egunetan gutxi jan eta apenas egin duen lorik, baina animu aldetik ondo dagoela adierazi zuen behin-behineko askatasunean dagoen elgoibartarrak.