Apirilean jarraituko dute Urruzunoko etxebizitzak eraikitzeko lanekin

elgoibarren.net 2009ko urt. 21a, 12:48

 
Iberdrolak linea elektriko bat desbideratzen diharduela-eta daude geldituta Urruzuno 2 izeneko eremuan 196 etxebizitza egiteko lanak. Grupo Eibar enpresa-etxegileak apiriletik aurrera berregingo diela eraikuntza lanei adierazi du.
 

 

Iazko uda hasieran hasi ziren etxeak egingo dituzten gunean lurra mugitzen.

  Urruzuno inguruan etxe berriak egiteko lurrak prestatzen aspaldi hasi ziren lanean eskabadora eta kamioiak. Gogotik egin zuten lan eta 10.000 metro kubiko lur mugitu zituzten. Azken aldian, baina, geldirik zeuden etxeak (124 etxebizitza sustapen askekoak eta 72 etxebizitza babes ofizialekoak) egiteko lanak.
  Zenbaitek ekonomi krisiaren beste ondorioetako bat izan zitekeela uste zuen arren, Grupo Eibar enpresa sustatzaileak gezurtatu egin du. Iberdrola linea elektriko bat desbideratzeko egiten ari den lanek geldiarazi dituzte lanok. Iberdrolako beharginek lanok amaitu bezain azkar, martxo amaiera eta apirila bitartean, berregingo dituzte etxegintzako lanak.
Grupo Eibar-eko arduradunek adierazi dutenez, “Lurrak prestatzeko lana ia amaituta dago eta lehen blokea eraikitzen apiriletik aurrera hasiko ginateke, Iberdrolakoek euren lana amaitu eta berehala”. Guztira bost etxebizitza bloke eraikiko dituzte inguruan.

Pasabidea trenbide gainetik ala azpitik?
  Etxebizitzetaz gain, Toletxe ingurua eta Gabriel Krutzelaegi kalea lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea eta Meliton eta Karkizaoko tunelaren artean dauden lursailetan parke berri bat eraikitzeko ardura ere edukiko du Grupo Eibarrek. Azken horiek egiteko lanak Urruzunoko etxeak amaitu artean ez dira hasiko. Oinezkoentzako pasabideari dagokionez, trenbide azpitik ala goitik egin aztertzen ari dira. Gainetik egitekotan bi igogailu, alde banatan, eta pasabide batez osatua egongo litzateke pasabidea. Pasabide honek Gabriel Krutzalaegi kaleko bizilagunak eta aisialdirako ekipamenduak, Gaztelekua eta Ludoteka, herri erdira gehiago hurbilduko ditu.

Urruzunon datozen hilabeteetan egingo diren lanak

1) 196 Etxebizitza berri eraikiko dira:
  • 124 etxebizitza sustapen askekoak
  • 72 etxebizitza babes ofizialekoak (alokairuan*)   
*Babes ofizialekoak, 15 urterako esleituko dira eta alokairuan emango dira, Kutxaren Gizarte Ekintzak martxan jarri duen sustapen modu berriaren arabera. Epe hori igaro eta gero, "etxebizitzak hustu, konpondu eta salgai jarriko dira” azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak.
Iñigez Karkizano kalearen ezkerraldean dagoen maldan eraikiko dira.

2) Oinezkoentzako pasabidea:
  Oinezkoentzako pasabide bat egingo da, Toletxe ingurua eta Gabriel Krutzelaegi kalea lotzeko. Hain zuzen ere, haurrentzako asialdirako ekipamenduak, duela gutxi inauguratutako Gaztelekua eta Ludoteka, dauden tokiaren parean.

3) Parke berria:
  Meliton eta Karkizaoko tunelaren artean dauden lursailetan egingo da. San Pedroko etxeen atzean egingo da, trenbidearen beste aldean.
 
Argazkiak: Ingurua nola geratuko den erakusten duten irudi birtualak (iturria: Grupo Eibar)

Albitxuri industriagunera doan errepidea lehen planoan.

Sustapen askeko 124 etxebizitza eraikiko dituzte.

Inguruak izango duen itxura zerutik begiratuz gero.