Munduko Xake Txapeldun ohi baten aurka jokatuko du Mikel Leonek

elgoibarren.net 2009ko urt. 22a, 09:45

 
Xakearen historian munduko txapeldun gazteena, Ruslan Ponomáriov ukraniarrak erakustaldi bitxia eskainiko du domeka honetan Urretxuko Eire-Bankoa Xake Txapelketaren aurkezpenean. 2002ko Munduko Txapeldunak zortzi partida jokatuko ditu, aldi berean eta xake taula ikusi gabe (itsu), joan zen urteko txapelketako zortzi onenen aurka. Hain zuzen, Mikel Leon elgoibartarrak irabazi zuen iaz Urretxuko txapelketa, eta, hortaz, Ponomarioven aurka jokatuko dutenetako bat izango da.


 Ruslan Ponomáriov (2726 punto ELO) ukraniarraren aurkako partidak Urretxun, Gernikako Arbola 5. zenbakian, Eire Taberna parean kokatuko duten karpa handi batean egingo da domekan, urtarrilaren 25ean. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira partidak. Aukera paregabea dela uste du Mikel Leonek, ez baitira asko munduko xake txapeldun baten aurka jokatzeko aukera daukatenak. "Ia gutako norbaitek Ponomariov-i irabazteko zortea duen, eta ni banaiz hobe baino hobeto".

Bi elgoibartar Eire Bankoa txapelketan

 Urretxuko Eire-Bankoa Xake Txapelketan irabazi zuen iaz Mikel Leonek (jertse berdeaz)

Mikel Leonez gain, J.M. Navarro elgoibartarra ere parte hartzen ari da Urretxuko Eire-Bankoa Xake Txapelketan. Guztira 56 xakelarik dihardute zortzi taldetan banatuta. Talde bakoitzeko lau onenak sailkatuko dira aurrerako. Final hamaseirenetatik aurrera, berriz, partida bakarrera jokatuko dute sailkapena; irabazlea aurrera eta galtzailea etxera. Bi elgoibartarrek jokatu dute dagoeneko Ligaxkako lehen partida eta biek irabazi dute, Juanmak ordubete behar izan zuen garaipena lortzeko eta pixka bat gutxiago, 35 minutu, Mikelek. Iaz Mikel Leonek irabazi zuen Urretxuko xake txapelketa, finalean Iñaki Oses urretxuarrari irabazi eta gero.

Taldekako Liga Txapelketa
Bestalde, taldekako Liga Txapelketaren bigarren jardunaldian bigarren garaipena lortu zuten Lerun taldeko xakelariek. Arrasateko San Andres taldeko xakelariak hartu dituzte mendean oraingoan, 1 eta 3 emaitzarekin. Kategoria berrian egin duten estreinaldia ezin hobea izan da.
Xake klaseen ordutegi berria
Ostiraletara pasa dituzte xake klaseak Xake taldekoek. Ordutegi berria ere honakoa da: 18:15-19:45. Klaseak doakoak dira.