Udalak bi pisu laga dizkio 'Agifes'i zaintzapeko pisu bezala kudeatu ditzan

elgoibarren.net 2009ko urt. 22a, 14:53

 
Artetxe kalean, behinola udalerriko irakasleen etxebizitzak izan ziren etxeetan, buruko eritasunak dituzten pertsonentzako zaintzapeko pisu bi egokituko dituzte, urtearen amaieratik aurrera sei edo zazpi erabiltzaileri harrera egin ahal izateko.

 
 

1706640579626 Udalak bi pisu laga dizkio 'Agifes'i zaintzapeko pisu bezala kudeatu ditzan

  Elgoibarko Udalak bi etxebizitza laga dizkio Agifes, Gaixotasun Mentala dutenen eta Familiarren Gipuzkoako Elkarteari. Alfredo Etxeberria alkateak eta elkarteko lehendakaria den Vicente Aretak gaur sinatutako hitzarmenari esker (alboko argazkian), etxebizitza horiek Agifesen esku egongo dira hemendik aurrera eta buruko eritasunak dituzten pertsonentzako zaintzapeko pisu bezala kudeatuko dira.

  Bere garaian, herriko irakasleen etxebizitzak izan ziren Artetxe kalearen 28. zenbakian, egun Mufomi, fosil eta mineralen museoaren gainean dauden hauek. Duela gutxi, horien titulartasuna eskatu zion Udalak Eusko Jaurlaritzari herrian gizarte zerbitzuetarako erabili ahal izateko.
  Etxebizitzak urtearen amaierarako gaituak izango direla uste da, izan ere, lehenik eta behin barrutik erabat eraitsi behar dira eta goitik beherako egokitze lanak egin. Bi etxebizitzekin bat egitea da arduradunen asmoa. Agifesen ardurapean izango da, printzipioz 10 urteko epean, herriko edo eskualdeko sei edo zazpi bizilagun jasoko dituzten etxe hauen kudeaketa. Esfortzu ekonomikoaren pisurik handiena ere Agifesek hartuko du bere gain.

Artetxe kaleko 28. zenbakian daude bi pisuak.

Sei edo zazpi bizilagun jasoko dituzte etxeok.


  Babespeko pisuetan biziko diren pertsonek laguntza jasoko dute etorkizunean beren bizitza era autonomoan eta independentean berrantolatzeko aukera izan dezaten. Gainera, taldeko elkarbizitza aberasgarria izango da erabiltzaileentzat, berriz ere familiako bizitzara itzultzeko prestatzen joan daitezen. Elgoibarren zaintza maila (hiru maila daude) baxuena eskatzen duten gaixoak hartuko dituzte, autonomia maila altuena dutenak, alegia.

 Babespeko pisuak eta eguneko zentroak

  Azken bi hauez gain, beste zazpi etxebizitza ditu Agifesek gaur egun. Horietako bat Elgoibarren bertan dago eta gainontzekoak, Donostian, Oiartzunen, Irunen, Eibarren, Zumarragan eta Legorretan. Guztira, 46 lagunentzako lekua dago horietan. Halaber, lau eguneko zentro gestionatzen ditu elkarteak: Donostian (Loiola eta Benta Berri), Azpeitian eta Eibarren. Horiek ere erabiltzaileen errehabilitazio psikosozialera bideratuak daude eta 80 pertsona baino gehiagori arreta emateko prestatuak daude.

 Auzokoei erakutsiko dizkiete pisuak prest daudenean

1706640579732 Udalak bi pisu laga dizkio 'Agifes'i zaintzapeko pisu bezala kudeatu ditzan

  Era honetako zerbitzuek auzotarren artean zor dezaketen kezka informazioaren bitartez baretu nahi dute Udaleko Gizarte zerbitzuetako arduradunek. Hala, pisuak prest daudenean ateak zabaldu eta herritar eta auzotarrei erakutsiko dizkiete, eta baita bertan emango duten zerbitzua azaldu ere, inork zalantzarik izan ez dezan eta aurreiritziak uxatzeko.
  Kudeatutako pisuen proiektua aurreko legegintzalditik datorrela azaldu du Etxeberria alkateak “Aspalditik dator Agifes elkartekoekin daukagun harremana. Betidanik ezagutu izan ditut antzerako pisuak Elgoibarren. Egun Santa Ana kalean dago bat. Orain, baina, egokitutako etxebizitza batean eskainiko da zerbitzua, baldintza hobeagoetan”.