Elgoibartarrek astekariari buruz duten iritzia ezagutzeko azterketa egingo du BARRENek

elgoibarren.net 2009ko urt. 23a, 11:12

 
Barixakuero banatzen den BARREN astekaria eta elgoiBARREN.net orainkaria hobetzeko helburuarekin, aldizkariari eta webguneari buruzko azterketa bat egingo du Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak. Alde batetik, irakurle/erabiltzaileak zenbat eta zein tipotakoak diren aztertuko dute, eta bestetik, elgoibartarrek komunikabideoi buruz duten iritzia jasoko da: zer den gehien gustatzen zaiena, zer gutxien, zer botatzen duten faltan, edo zein atal dagoen soberan, besteak beste. Irakurleen gustuko astekaria eta orainkaria egitea nahi du BARRENeko zuzendaritzak.


  Idatziz, telefonoz eta Internetez
   Azterketa urtarrilaren amaiera eta otsailaren erdialdera bitartean egingo da. Gaur, urtarrilak 23, idatzizko galdetegi sinple bat jasoko dute irakurleek astekariarekin batera. Bost minututan erantzuteko moduko galdeketa erraza izango da. Ondoren, papera tolestu eta herriko edozein buzoitan lagata, iritsiko da erredakziora. Hala ere, nahi duenak BARREN astekarian edo Elgoibarko Izarran ere entregatu dezake galdetegia.
 
  Otsailaren 2an, telefonoz
  Azterketa horren atalik garrantzitsuena telefono bidezko inkesta izango da. Aztiker enpresaren laguntzaz, otsailaren 2an hasiko dira telefonozko galdeteketak. Elgoibar eta Mendaron egingo dira inkestok; guztira, 720. Hamasei urtetik gorakoentzako prestatutako galdetegia da, eta modu oso errazean, hamabost minututan erantzuteko modukoa. Etxeak zoriz aukeratuko dira, beraz, lantaldeak eskertuko luke herritarren kolaborazioa eta galdetegia erantzutea. Hamabost egun inguru emango dituzte Aztikerreko langileek telefono bidezko elkarrizketak egiten, eta Aste Santu ingururako jasoko dituzte emaitzak. Azterketa egiteko, 15.000 euroko diru-laguntza jaso du BARRENek Eusko Jaurlaritzatik, eta horrekin finantzatuko da.
  Internet bidez
Internetez ere egin daiteke galdetegia elgoiBARREN.net orainkariaren bitartez.
  • Zer iritzi duzu BARRENi buruz (*Galdetegiko galderak erantzun ostean eman Submit botoiari. Izartxo gorria duten eremuak derrigorrez bete beharrekoak dira)