Justo Arriola: “Lege antiterrorista estalia aplikatu ziguten”

elgoibarren.net 2009ko urt. 26a, 10:55

AHT-ren aurka, urtarrilaren 17an, Urbinan egindako martxan gertatutakoaren testigantza pertsonala eskaini zuen zapatu honetan Justo Arriola, atxilotu zituzten zortzi lagunetako batek, Plaza Handian eskaini zuen prentsaurrekoan. AHT gelditu! Elgoibar eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua Elgoibar taldeetako kideek ere parte hartu zuten prentsaurrekoan, Arriolari babesa eman eta beraien balorazioak jendartera zabaltzeko asmoz.


  Justo Arriolak atxilotzeko orduan jasan zituen "kolpe, mehatxu eta irainak" tokiz kanpo zeudela, eta ondorengo inkomunikazio orduetan pairatutako "tratu umiliagarria" ere salatu du. Oro har, “Ekintza baketsu baten aurrean, Ertzaintzak erakutsi zuen jarrera bortitza” salatu zuten prentsaurrekoan.
  AHT gelditu! Elgoibar taldeko kideek ohartarazi zutenez, “AHTaren aurkako mugimendua kriminalizatzen saiatu dira eta etorkizunean ere saiatuko dira”. “Eusko Jaurlaritzak, Audientzia Nazionalak baino haratago eraman nahi izateak ere, agerian uzten du zein den beraien estrategia eta orain inoiz baino gehiago, inposaketa honen aurrean herria mobilizatzera deitu nahi dugu”.
  Elgoibarko AAMk, bere aldetik, Ertzaintza “gorputz errepresibo” bezala desegitea eskatu du. Eta dei egin du, “eraso guzti hauek salatzen jarraitzeko eta indar polizialek Eukal Herrian duten inpunitateari mugak jartzera”.

Justo Arriolaren testigantza
 Luze eta zabal, detaile eta xehetasun guztiekin, azaldu zituen Justo Arriolak urtarrilaren 17an Urbinan, eta ondorengo egunetan atxilotuta bizi izan zituenak. Hemen daukazue Arriolaren testigantza bere osotasunean.