San Lazaro egoitzako langileen protestaldia

elgoibarren.net 2009ko urt. 27a, 09:14

 
Adegi eta Lares patronalek, adinekoen egoitzetako negoziaketan kontutan hartzeko proposamenik egiten ez dutela eta, Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizatzera deitu ditu ELA sindikatuak. San Lazaro egoitzako langileek ere bat egin dute deialdiarekin eta elkarretaratzea egin dute negoziaketen egungo egoera, alegia, negoziazio eza, salatzeko.



Euria goian behean ari zuela egin dute elkarretaratzea.

  ELAko iturrien arabera, urtarrilaren 14an burututako Adinekoen Egoitzetako negoziaketaren azken bileran, “patronalaren eskaintza hutsaren hurrengoa izan da. Beste behin, patronalek, hitzarmen zoragarria dugula leporatzen digute; inguruetako hoberena, enpresen kudeaketa beharrei erantzuten diena, eta, gainera, langileon eskubideak errespetatu eta soldata duinaren gainetik dagoena. Patronalaren hitzetan, sektorea ez dago prekarietatean eta ez dute duintzeko beharrik ikusten”.
  Patronalek azaldu duten negoziatzeko borondate falta onartezina dela deritzote, eta horregatik, ELAk Gipuzkoako Egoitzetan kontzentrazioak deitu ditu gaur, urtarrilak 27, atseden garaian eta ordutegi ezberdinetan, patronalek euren jarrera aldatzeko esperantzan.

  ELAko arduradunek adierazi dutenez, ondorengo edukiei ematen diete eurek lehentasuna negoziaketetan: oinarrizko soldata, subrogazioa, bajak, benetako lanaldia (20 minutuko atsedena eta APak), jai egun eta igandeetako plusa eta urteko lan egutegia.