Irailean Bilbora bizitzera joan bazen ere, azken urteak Elgoibarren egin ditu Yihao Lik. Gurasoek arropa denda bat zeukaten San Frantzisko kalean eta Elgoibar Ikastolako ikaslea izan zen euskaraz ederto egiten duen Yihao Li. Euskaraz gain beste hiru hizkuntzatan berba egiteko gai ere bada. Yihaok aspaldi, oraindik Elgoibarren bizi zenean, grabatu zituen telebista saio honetarako irudiak.
Joan zen zapatuan (urtarrilak 24) estreinatu zuen Euskal Telebistaren lehenengo kateak "Gaztiek asko dakie" saio berria, eta 13 ataletan zehar, 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek munduaz eta bizitzaz duten ikuspegi berezi eta bitxia erakutsiko dute. Kamera eskuan hartu eta euren egunerokotasuna noiz eta nola grabatu erabakitzeko aukera izan dute gaztetxoek. Lehen atala, etorkinen ingurukoa izan zen, eta Elgoibarko hainbat txokotan grabatutako irudien bitartez, egunean eguneko bizipen arruntak era bitxi eta dibertigarrian erakutsi zituen Yihaok. Berarekin batera Ondarruan bizi den Maira Arias kolonbiarrak ere bere ikuspegia azaltzen du. Ikusteko aukerarik izan ez bazenuten, etb1en webgunera igo dute lehen saioko bideoa.
- Bideo honetan gazteek immigrazioari buruz duten ikuspegi berezia (eitb.com)
Atal bakoitzean, egoera zeharo ezberdinak bizi dituzten hiru-lau haurren esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, baina amankomuneko abiapuntu bat hartuta. Gauzak horrela, herri txiki baten eta hirian bizi diren haurren bizitzen gora beherak, seme bakarra eta familia anizdun bateko haurrek dituzten esperientzia ezberdinak, hiru anai-arreba musulman eta Jehovako lekuko baten egunerokoak, jatorri ezberdineko inmigranteena, erditze anitzak, hobbyak, maskotak.