Miskiren aldeko kontzertua
- Partaideak: Expresion Sonora eta Haritz EDT
- Noiz: otsailak 27 (barixakua)
- Ordua: 22:15
- Non: Herriko Antzokian
- Sarrera: 7 euro (Pitxintxun, Goiaran edo Gemmak berak salduko ditu sarrerak kalean)
Martxoaren 1ean joango da Gemma Agirregomezkorta Cuscora (Peru). Hegoamerikako herrialdera egingo duen 10. bidaia izango da –duela 9 urte hasi zen Peruko ume behartsuei laguntzen-. Bi hilabete emango ditu han.
Aurreko urteetan baino laguntza gutxiago jaso du aurtengoan Gemmak, nahiz eta beharra lehengoa edo handiagoa izan, eta noski, ez die Peruko umeei huts egin nahi. “Udako kanpainak emaitza onak izan zituen arren, kanpainaren bigarren zatia, kalean saltzen ditugun errifena, ez da horren emankorra izan. Krisia dela, eguraldi petralaren ondorioz gutxitan atera ahal izan dudala kalera… kontua da diru gutxi atera dugula errifak saltzetik”. Dirua lortuko ote duen ziurgabetasunaren ondorioz ohi baino urduriago dagoela aitortu du Miskiren alma materra denak. Halere ez du itxaropena galtzen, “nola edo ahala lortuko dugu” dio sinetsita.
•Kontzertu solidarioa
Gauzak horrela, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten Miskikoek eta lagun batzuekin berba egin eta gero kontzertu berezi bat antolatzea bururatu zitzaien. Expresion Sonora eta Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideei ideia oso ona iruditu zitzaien eta daukaten dena emateko prest daude otsailaren 27an eskainiko duten Miskiren aldeko kontzertuan. Ia bi orduko ikuskizuna izango da Herriko Antzokian, Haritzek gutxitan zapaldu duen eszenatokian. Expresion Sonorak orain dela gutxi Eibarko Coliseo antzokian eskaini zuen kontzertuko errepertorio antzerakoa eskainiko du bere zaleen gozamenerako.
•600 umerentzako ezinbesteko laguntza
Kontzertuan eta Miskik aurrez batu duen dirulaguntzaren onurak Peruko 600 haurrek igarriko dituzte. 30.000 euro inguru lortzen ditu urtero Miskik, baina aurten egin nahi dituzten gauzetarako 32.000 eurokoa da aurrekontua. “Ia zifra horretara heltzeko moduan gauden, ume batzuk laguntza jasotzen dutenen zerrendetatik kendu beharra oso gogorra izango litzateke” adierazi du Gemmak. Umeen eskolako gastuak finantzatzeko eta Gemmaren bidaia eta egonaldiko gastuak osatzeko da batutako dirua.
Oraingoz, 10.400 euro lortu dituzte errifa salmentatik. Gainontzekoa apadrinazioetatik eta jendearen ekarpenetatik lortzen dute.
600 ume dira Miskik batzen duen laguntzaren jasotzaileak. Zerrendetan 300 ume daude izena emanda eta apadrinatutako haurrak, berriz, 63 dira.
600 ume dira Miskik batzen duen laguntzaren jasotzaileak. Zerrendetan 300 ume daude izena emanda eta apadrinatutako haurrak, berriz, 63 dira.