•Madrilen jaio zinen, baina Elgoibarren izan zara apaiza urte askoan.
Gerra denboran Madrilera joan ginen, eta han geratu behar izan genuen hiru urtean, Francoren tropek hartu zutelako Madril inguru guztia; ezin irtenda egon ginen. Bukatu zenean, atzera ere amaren herrira bueltatu ginen: Mendarora.
•Zenbat urterekin erabaki zenuen apaiz izango zinela?
Hamahiru urte nituenean; baina ez da erabaki pertsonala izaten, haur bat zarelako. Etxean esaten zuten eta ez zitzaidan gaizki iruditzen; orduan gehienok eliztarrak ginen, bai guraso eta bai ume. Halaxe, baietza eman nuen, eta amak ere lagundu zidan. Ikastera joan nintzen, beraz.
•Zenbat urteko ikasketak dira apaiz izateko?
Hamabi urteko ikasketak dira. Lehendabizi humanitateak izeneko ikasketak egiten genituen: batxilerraren antzekoa. Gai batzuk gehiago azpimarratzen dira apaiztegian, adibidez hizkuntzak; eta beste batzuk gutxiago, matematika eta fisika, adibidez. Baina hizkuntzak asko lantzen dira: latina, greziera, frantsesa eta ingelesa ikasi nituen. Hala ere, ahaztu egiten dira ez erabiltzearren.
•Ikasketak amaitu ostean non ibili zara apaiz?
Beasaingo nekazal auzo baten egon nintzen lehendabizi, Garinen. Urtebete pasatxo egin nuen han. Bertan nengoela Gotzaina etorri zen bisita pastoral batean; ama nirekin zegoen, eta hari galdetu zionean ea gustura zegoen, amak erantzun zion beste bi seme zituela Mendaron eta ardura hori zuela. Gotzainak kontuan edukiko zuela esan zigun, eta handik gutxira, Elgoibarrera bidali ninduten.
•Madalako ermitan eman dituzu mezak urte askoan...
Lehendabizi San Bartolome parrokian eman nituen hogeita hamar bat urte, eta handik Madalara bidali ninduten asmo berezi batekin: gero parrokia izateko. Elgoibar herri luzea da eta parrokiak eragin handirik ez zuela ikusten zuten. Baina gauzak urte gutxitan zeharo aldatu dira, eta beste eliza bat egiten hastea alperrik zela ikusi zuten. Apaizak ikaragarri gutxitu ziren, eta erabaki zuten bertan behera lagatzea asmoa.
•Gaur egun gazteek ez dute apaiz izateko bidea aukeratzen.
•Gizona eta apaiza izaten jakin egin behar da. Zaila ala erraza da oreka horri eustea?
Gizona ez bazara, ez zara ezer; txorimalo bat zara. Gizaki bat izan behar zara, eta gizakiek dituzten zaletasun asko ditugu guk ere. Niri adibidez, futbola eta mendia gustatzen zaizkit.
•Futbolari helduta, Realzalea zara. Bigarren mailan dago taldea, eta gorriak ikusten gainera... Jainkoak zigortuta dauka, ala?
Historia luzea da hori: kontu ekonomiko eskasak egin dituzte, eta ondorio bezala ekonomikoki oso gaizki dago. Kirol zerbitzu bat eman beharrean aprobetxatu egin dira.
•Eliza krisian dago?
Gero eta jende gutxiago joaten da elizara, eta horrela jarraituko du. Eliza mota honetan zein egongo da ba gustura? Daudenak, eskuin muturrekoak dira, Opusekoak. Gotzain talde bat dago, gainera, beti gauza beraz ari dena hitz egiten: abortua, dibortzioa eta eskoletako gurutzeak. Abortutik gutxi batzuk hiltzen dira baina gosez 30.000 haur hiltzen dira egunean. Proportziorik ez dago gauza bati eta besteari ematen zaion garrantzian. Baina elizaren arazo bereziena ez da hori: eta gizartearena gutxiago. Gainera, nola ezarriko diozu gizarteari eredu finko bat? Eliza horretan eskuin muturrekoak direnak bakarrik sartuko dira, baina ezkerrekoak kanpoan geratu dira. Eta horrek ez dauka etorkizunik.
•Elizak betetzen ditu gizartearekiko dituen helburuak?
Erabiltzen dituzten gaiak betikoak dira, eta ez dituzte erantzuten gizarteko gaiak. Adibidez behartsuak, gosez hiltzen direnak, gizartean dauden desberdintasunak... zerbait esaten dute horien inguruan, baina, desfiguratuta; sakondu gabe.
•Hileta batera joan eta apaizak berba onak besterik ez ditu hil denarekiko. Hil eta gero gizakia ona bihurtzen da ala?
Berez hitzaldia ez litzateke izan beharko hil denari buruzkoa: bategatik esan ditzakezu gauza onak, eta beste bat, akaso, ez duzu ezagutzen. Baina gaia oso zaila da: beti gauza bera esan behar duzu. Ez da igandetan bezala: domeka bakoitzak ebanjelio bat dauka eta era askotako hitzaldiak egin ditzakezu. Niretzako gauzarik astunena izaten zen norbait hiltzen zenean, zer esan erabakitzea. Beti gauza berdina esan behar da. Gainera jendea erraz molestatzen da, eta neurtu egin behar da esandakoa. Ni ahalegintzen nintzen probetxuzko zerbait esaten, baina hala eta guztiz ere, beti gai berdina da, eta ia astero gainera; oso zaila da.
•Hil eta gero, zer dago?
Guk uste dugu itxaropen bat daukagula; beste bizitza bat daukagula. Hori apaiz guztiok onartu behar duguna da, hori gabe ez dago sinismenik. Sinismenaren ardatza da itxaropena edukitzea: bizitza honen ondoren beste bizitza bat dagoela, alegia.
•Erlijio maisua ere izan zara, Jose Luis.
Ahal nuena egiten nuen, baina ez da erraza. Askapen teologiaren urratsetatik nabil, eta hori emateko ahaleginak egin nituen, baina jendeak ez zeukan gogorik. Erlijiora joaten ziren etxean esaten zietelako: etxekoekin ondo egoteko etorri egiten ziren. Baziren banaka batzuk ere lan ona egiten zutenak, baina gehienek paso egiten zuten. Guztira 25 urte inguru egingo nituen maisu, eta denbora horretan, ikasleek errealitatea gordina dela erakutsi zidaten. Gazteekin harremanak edukitzea aberasgarria da; gaztetu egiten zaituzte, eta erakutsi ere bai. Euren ikuspegitik, euren bizitzeko era erakusten dute ikasleek. Gaurkotzera behartzen zaituzte: bai hizkuntzan, eta baita irakurketan ere. Gazteen ikuspegira gerturatzeko irakurketak egiten direlako.
•Erlijioko klaseak kendu eta hiritartasunerako heziketa jarriko dute. Zer iruditzen?
Ni orain ez nintzateke sartuko institutuan klaseak ematera. Ez naiz damutzen egindako lanarekin, baina, orain ez nintzateke hasiko, inork ez zaituelako onartzen. Orduan gurasoen laguntza edo babesa zeneukan, eta gazte banaka batzuena ere bai; baina gaur egun, gurasoek ere ez dute sinisten. Baina erlijio klaseak kentzearen gaia, ez dut hausnartzen. Egia da gaur egun gaitzespena dagoela: lehen gehiengoak erlijioa onartzen zuen, gurasoen eraginagatik bazen ere, baina gaur egun inork ere ez du onartzen.
•Zein adinekin jubilatzen dira apaizak?
•Gehiengoa 65 urte egiteko zain jubilatu ahal izateko, eta apaizek beste hamar urte itxaron behar...
Eliza denean dago atzeratuta, eta horretan ere bai. Gizartearengandik ikuspegi ezberdina dauka gauza guztietan.
•Homosexualen arteko ezkontzaren aurrean zelan jokatu behar du elizak?
Guk ez daukagu zer esan hor. Gizarteari ezin diogu inposatu horrelako kontuak legez kanpo lagatzea. Legeak gizarte guztirako dira, eta eliza sinesmena daukatenentzat da. Sinesmenik ez dutenei ezin diegu ezer inposatu. Nola inposatuko diozu pertsona bati zeinekin eduki harremanak? Lege zibila eta elizako legea bat izatea nahi dute, eta hori ezin da.
•Zaletasun asko dituzu. Jubilatu zarenetik asti gehiago edukiko duzu horiek egiteko...
•Berriz jaioko bazina, apaiza izango zinateke?
Ez naiz damutzen apaiz izateaz, ezta pentsatu ere. Baina gaur egun beste ikuspegi bat daukat. Orain egiten diren apaiz apurrak, oso eskuindarrak dira, eta ezingo nuke horiekin bizi. Orain jaioko banintz, beste era batera pentsatuko nuke. Nire pentsaerako lagunak izanez gero, akaso apaiza izango nintzateke; baina zaila da.
Egilea: Edurne Burgaña
Argazkiak: Asier Orbea