Aiastiako baserri guztietara edateko ura eramateko lanak laster hasiko dira

elgoibarren.net 2009ko ots. 9a, 13:33

Elgoibarko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak lehiaketa deialdia egin du, Aiastia (San Migel) auzoko baserrietara edateko ura eramateko proiektuaren lehendabiziko fasea esleitzeko. Jarduera honek enkanterako izango duen hasierako aurrekontua 879.339 eurokoa izango da (BEZ barne).

 

 Honako hau izango da tokiko inbertsioak egiteko estatuaren fondotik (Ia bi milioi euroko laguntza emango dio Estatuak Udalari inbertsioetarako) etorriko den diruarekin egingo den estreinako obra.
 Injelan enpresak idatzitako proiektuari esker, “Urasandi auzoaren gainekaldean dagoen Urtiako biltegitik erdi bidean jarriko diren guneetaraino ura eramango duen erdiko sarea instalatuko da” Elgoibarko Alkate Alfredo Etxeberriak azaldutakoaren arabera.

 Obra gauzatzeko sei hilabeteko epea izango du, gehienez, enpresak. Aurrekoaz gainera, 2010eko urtarrilaren 1erako amaituta egon beharko dute lan guztiek, hori baita estatuaren fondoetatik laguntzak jasotzeko baldintzetako bat. Gero, proiektuaren bigarren zatian, erdiguneko banaketa saretik hala eskatzen duten baserrietaraino zabalduko da ur hornidura sarea.
  Gaur egun Aiastia auzoko bizilagunek baserri inguruetan dauden iturburuetatik eskuratzen dute edateko behar duten ura, baina lehorte edo euri gutxi egiten duen sasoietan arazoak izan ei dituzte. Urtiako ur biltegitik baserrietara ura zabaltzeko sarea osatzen dutenean arazo horiek gainditzea espero dute. Baserritarren aspaldiko eskaera izan dena, inbertsio handiekn beharrak atzeratu dute gaurdaino.