Herrigunean Trenbidearen ibilbidea hobetzeko azterlana egingo du ETSk

elgoibarren.net 2009ko ots. 9a, 14:50

 
Trenbideak Elgoibarko Udalerria zeharkatzeko modua nola hobetu aztertuko du Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Eusko Trenbide Sareak (ETS), batez ere geltokiaren inguruko hiri berrantolaketarekin uztartzeko. Azterlanaren aurrekontua, 203.000 eurokoa da.

 
 


  Azterlanak trenbidearen ibilbidea Elgoibarren hobetzeko dauden aukerak landu beharko ditu, egun duen “hesi” efektoa arintze aldera; batez ere, Elgoibarko geltokira irisgarritasuna hobetu eta bertan egingo den hiri berrantolaketarekin nola uztartu izango ditu helburu azterlanak.

  Trenbideak Elgoibar zeharkatzeko modua hobetzeko beharraren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburu eta Euskal Trenbide Sareko Ente Publikoaren presidenteak, Nuria Lopez de Gereñuk eta Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak, elkarlanerako akordioa sinatu dute gaur (otsailak 9) goizean, trenbideak Elgoibarren egiten duen ibilbidea nola hobetu eta bertako geltokiaren inguruko hiri berrantolaketarekin nola uztartu ikertu ahal izateko.

 203.000 euroko aurrekontua, erdibana
  Azterlanaren aurrekontua, 203.000 eurokoa da eta erdibana ordainduko dute Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Euskal Trenbide sarea enteak eta Elgoibarko Udalak, 101.500 euro bakoitzak. Azterlana nork egingo duen esleitzen denetik, 9 hilabeteko epea izango da azterlana osatzeko. Euskal Trenbide sarea izango da azterlanaren arduraduna eta jarraipen batzorde bat osatuko da, komenioaren nondik norakoak jarraitzeko.
 Geltokia egokitu egingo da
  Kontutan izan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Tren Sarearen gaineko Lurralde Plan Sektorialak (41/2001 dekretua) dioenaren arabera, zamak garraiatu ahal izateko, bidaiarien garraiorako ezinbestekoak diren Durango eta Zaldibar arteko trenbidearen bikoizketa, Ermua eta Elgoibar artera ere zabaltzea proposatzen duela eta baita Elgoibarko geltokia egokitzea ere.