Javier Madrazoren alderdiak bizi duen "nora eza politiko larria", "ustelkeria", "barne demokrazia falta", “boterearekiko lotura” eta “Jaurlaritzaren barruan entxufeak izatea” salatzen du, besteak beste, talde kritikoak. Alabaina, 30 afiliatu horiek politika egiten saiatuko direla gaineratu zuten, baina mugimendu sozial eta ezkerrari lotutako erakundeen bitartez.
Zulaikak ez daukala zinegotzi kargua lagatzeko asmorik adierazi du, “Elgoibarren jaso genituen 699 botoak defendatu nahi ditugu eta horretan egingo dugu lan buru belarri”. Ezker Batua-Berdeak eta Aralarrek koalizioan aurkeztutako taldeko bi zinegotzietako bat da Zulaika. Taldeari ez diote izenik aldatuko, besteak beste, “azken hauteskundeetan zerrendetan joan ziren kide guztien oniritzia beharrezkoa izango litzatekeelako”.
Zulaikak ez du baztertzen Ezker Batuak bere aurkako neurriak hartzea, “litekeena da, beste kasu batzuetan gertatu izan den moduan, auzitegietara jotzea nik zinegotzi gisa hartutako erabakien kontra egiteko. Halere, ezin da ahantzi zinegotzi kargua norbanakoari dagokiola eta hala dela adierazten duten aldeko epaiak ere badaude”.