Hiru ustezko lapur atxilotu dituzte ausartegi gidatuz ihes egin eta gero

elgoibarren.net 2009ko ots. 11a, 11:41

 
Eibarko Ertzain-etxeko agenteek hiru gizonezko (32, 22 eta 20 urte) atxilotu zituzten astelehen arratsaldean Elgoibaren. Debako etxebizitza batean osten saiatzea eta, jarraian, auto batean ausartegi gidatuta ihes egitea leporatzen diete ustezko lapurrei. Ertzaintzak N-634 errepidean, Rezola gasolindegiaren parean, geldiarazi zuen ibilgailua ihesaldi ikusgarri eta arriskutsuari amaiera emanez.



  Ertzaintzako prentsa zerbitzutik zabaldu dutenez, gertakariak 17:30ak aldera jazo ziren astelehenean (otsailak 9). Debako Itziar auzoko etxebizitza batean osten saiatu zirela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Dirudienez, ustezko lapurrek lorategiko hesia salto eginez gainditu, eta sukaldeko atea indarrez zabaldu zuten. Une horretan, etxean zeuden etxejabeekin topo egin zuten lapurretako bik eta ihesari eman zioten. Ustez, kanpoan hirugarren gizon bat zegoen auto batean zain.
 
  Ihesaldi arriskutsua 
  Deba parean, gertakaria jazo zen tokira zihoan Ertzaintzaren patruila bat Peugeot 306 batekin gurutzatu zen. Autoan hiru gizonezko zihoazen eta polizia-autoa ikusterakoan, gidariak zakartasunez azeleratu zuen eta abiadura handiz joan zen N-634 errepidetik, Bilborako noranzkoan. Noizbehinka ibilgailuak aurreratze arriskutsuak egin zituen (aurreratzeak egitea debekatuta dagoen tokietan) eta arrisku handia sortu zuen errepidetik zihoazen gainerako erabiltzaileentzat; hala, horietako batzuk bidetik kendu behar izan ziren talka ez egiteko.
 
 Indarkeria erabili zuten Ertzainen aurka
  Susmagarrien atzetik 12 kilometro inguru egin ostean, beste patruila batek ustezko lapurren autoa geldiaraztea lortu zuen, Elgoibarko gasolindegi parean. Hiru bidaiariak autotik irten eta antxintxika ihes egiten saiatu ziren. Bik mendian barrena ihes egin zuten baina ertzainek atxilotzea lortu zuten, sastraka eta sasitza artean segika ibili ostean. Hirugarrena errepidean bertan atxilotu zuten. Atxiloketen unean, hirurek aurka egin zieten indarkeriaz eta, ondorioz, ertzain batzuek ubeldurak eta beltzuneak izan zituzten. Ihes egiterakoan, susmagarriek tamaina handiko bihurkin bat jaurti zuten, agenteek froga gisa jaso zutena.
  Atxilotuetako batek delitu aurrekariak ditu etxeetan egindako lapurretak direla eta. Ertzainetxean eginbideak burutu ostean, atxilotuak Eibarko Epaitegiaren esku jarriko dituzte.