Pilar Ikastetxea adinekoentzako egoitza bihurtzeko aurrerapausoa

elgoibarren.net 2009ko ots. 12a, 14:35

Etorkizunean Pilar Ikastetxea adinekoei laguntza zerbitzuak -Adinekoen egoitza, adinekoen eta elbarrien eguneko zentroa, elbarrientzako egoitza eta buruko gaixoentzako egoitza- eskaintzeko gune izateko “ibilbidean lehen harria jarri da”, adierazi du Maite Etxaniz Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak bere Sailak eta Udalak sinatu duten hitzarmena dela-eta.

 
 Bai Alfredo Etxeberria alkateak eta baita Maite Etxaniz Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak ere, Pilar Ikastetxea dagoen eraikinaren jabeak eskertuz hasi dute sinadura ekitaldia. Gogoratzea komeni da Pilar Ikastetxea dagoen eraikina Udalaren eskuetara pasako dela 2010ean, jabeek (Errezabal Guraso Elkartea eta Gipuzkoako elizbarrutia, erdibana) hala erabakita.

Alfredo Etxeberria eta Maite Etxaniz.

Errezabal Guraso Elkartea, Udala, Diputazioa eta Gipuzkoako elizbarrutiko ordezkariak hitzarmenaren sinaketan.


 Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Sailak, Gizarte Zerbitzuetako II. Foru Mapa burutu du. Dokumentu horretan, 2008-2012 plangintza-aldirako talde ezberdinek dituzten hornitze-beharrak jasotzen dira, Debabarrenako eskualdea izanik, zerbitzu horiek jasoko dituenetako bat, horrela, plangintza-aldi honen bukaerarako aurreikusten den lurraldearen hazkundea modu orekatuan egin dadin.

 Elgoibarko Udala, prest dago bere aldetik, 2010 urtearen erdi aldera egun Pilar Ikastetxea kokatuta dagoen orubea eskuratzeko eta laguntza-zerbitzuak bertan jartzeko, modu horretan, Gizarte Politika Sailaren eskuduntza den atentzio-beharrei erantzuna emanez.
 Konpromiso honi behar bezala erantzuteko sinatu dute gaur (otsailak 12) hitzarmena. Dokumentuaren sinatzaileek beharrezkoa jotzen dute herri honek dituen beharrak zehaztuko dituen prozesu bat martxan jartzea. 
Baldintzak eta betebeharrak
 Hortaz, agiri honen bidez bi aldeen arteko lankidetza esparru bat ezartzen da; baldintzak protokolo honetan jaso dira eta horiei jarraituz zehaztuko dira geroko jarduerak. Hori guztia dela eta, besteak beste honako hau erabaki dute:
  • Elgoibarko Udala eta Gizarte Politika Sailaren arteko lankidetza markoa sortzea, atentzio-egoitza bat martxan jartzeko helburuarekin, Gipuzkoako Zerbitzu Sozialetako II. Foru Mapan aurreikusten diren Deba-Kosta azpi-eskualdeko behar ezberdinei erantzungo diena: Adinekoen egoitza-zerbitzua, adinekoen eta elbarrien eguneko zentroa, elbarrientzako egoitza eta buruko gaixoentzako egoitza.
  • Elgoibarko Udalaren konpromisoa  zein den jakinda, hots, beharrizan hauei erantzuna emango dien Pilar Ikastetxeko orubea eskuratzearena, 2010. urtean horren jabegoa izanda, eta egoitza hori martxan jartzeko epeak ahalik eta gehien murrizteko, alde biek adosten dute Udalak eraikitze-proiektuaren ardura hartuko duela eta  bi aldeen artean ordainduko dutela honako proportzioan: Gipuzkoako Foru Aldundiak % 75 eta Elgoibarko Udalak % 25.
  • Baliabideen balorazio ekonomikoak eta horietarako ekarpenak eraikitze-proiektuak burututakoan egingo dira. Horien ordainketa, aldiz, Gizarte Politikako Sailaren diru-laguntzen urteko planen barruan sartuko dira.
  • Kopuruak eta aldizkakotasunak dokumentu berri batean jasoko dira.
  • Lankidetza esparru honen helburua da eragileen esku-hartzeko moldeak zehaztea, nahiz eta horrek ez duen salbuesten lankidetza hitzarmena zehaztu, burutu eta beharrarazteko hainbat ekintza administratibo eta gainerako lege agiriak egin beharra.