Elgoibar-Eibar-Ermua korridorean burutzen ari diren, edo datozen hilabeteotan burutuko diren, proiektuei esker lortuko da Ermua eta Elgoibar arteko tranbia zerbitzua martxan jartzea. Dagoeneko abian daude aipaturiko proiektuetako batzuk; Eibarko Ardantza geltokia berritzea edo San Lorentzo-Unibertsitatea zatia bikoiztea, esaterako. Bestalde, aurki burutuko diren lanen artean, Elgoibarko lurretan egingo diren hiru lan edo proiektu azpimarratu behar dira:
- Karakateko bide-gurutzaketa (2,4 milioi euro): Karakateko bazterbide berria funtsezko pausoa izango da gaur egun Ermua eta Eibar artean eskaintzen den tranbia zerbitzua Elgoibarreraino luzatu ahal izateko.
- Elgoibarko Toletxegaingo geltokiaren egokitzapena (0,7 milioi euro)
- Altzolako saihesbidea: Toletxegainetik Altzolako geltokiraino dagoen trenbide zatian saihesbide bat eraiki ahal izateko proiektu bat egitea agindu du Eusko Trenbide Sareak (ETS). Gaur egungo ibilbidea 500 metrotan murriztea eta trenak gurutzatu ahal izateko trenbidea bikoiztea dira saihesbidea egiteko arrazoi nagusiak. Abantailak, berriz, bidaiari eta merkantzien trenen maiztasuna areagotzea –Mendarora tren maiztasun handiagoa-, eta hiru trenbide pasagune kentzea. Aurrekoez gain, iresgarritasun araudira egokituz, Altzolako geltokia berritzeko asmoa azaldu dute Jaurlaritzako arduradunek.
Azpiegitura eta ekipamendu horiek eraikitzean hobetu ahal izango dira, Garraio eta Herri Lan Sailburuak aurreratu zuenez, trenen trafikoaren maiztasunak eta hiritarrei orokorrean ematen zaien zerbitzua, Ermuak, Eibarrek eta Elgoibarrek osatzen duten multzoan, eta gaur egun Ermua eta Eibar artean, Elgoibarreraino, eskaintzen den tranbia zerbitzua hedatzeko lagungarri izango da.
∞Informazio gehiago:
- Elgoibar eta Ermua arteko tranbia zerbitzua 2009ko udazkenerako martxan (2008-05-13 elgoiBARREN.net)
- Herrigunean Trenbidearen ibilbidea hobetzeko azterlana egingo du ETSk (2009-02-09 elgoiBARREN.net)