Athleticeko neskek ez dute erraz ahaztuko domekan (otsailak 15) Zaragozan, Prainsaren aurka, jokatu duten Superligako partida. Berdegunean gertatu zenagatik baino, 4 eta 1 galdu zuten, aldageletan aurkitu zuten panorama edukiko dute akorduan luzaroan. Atsedenaldian aldageletan sartu zirenean gauzak ez zeudela laga zituzten moduan ikusi zuten. Segituan konturatu ziren lapurren bisita jaso zutela. Besteak beste, zortzi sakelako telefono, lau erloju, bi eskumuturreko, zenbait eraztun, lau MP4, iPod bat, nortasun agiri batzuk, gidabaimen bat eta 400 € bota dituzte faltan.
Kaltetuenetakoa Eli Ibarra Athleticeko kapitain elgoibartarra izan zen. Kinielan jokatzen zuten dirua, eraztuna, eskumuturrekoa, nortasun agiria eta gidabaimena lapurtu zizkioten futbolari finari.
• Profesionaltasuna
Haserrea eta disgustua gaindituz, profesional petoa-petoa dela erakutsi zuen Ibarrak bigarren zatian; berak sartu baitzuen banako berdinketaren gola 72. minutuan. Gero, okerrera egin zuten gauzek. Etxekoek 4 eta 1 irabazi zuten partida eta arbitroak txartel gorri bana atera zien Athleticeko entrenatzaileari eta Eli Ibarrari. Bere futbol ibilbidean atera dioten estreinako txartel gorria da elgoibartarrari atera ziotena. Ez du erraz ahaztuko Zaragozara eginiko bisita.
Une honetan Superligako sailkapeneko 4. postuan daude zuri-gorriak.
- Eli Ibarra (Datuak, estatistikak, argazkiak, e.a)
∞Lotura duten albisteak:
- Gol olinpikoa sartu zuen Eli Ibarrak Athletic-ekin (2006-10-23 elgoiBARREN.net)
- Itziar Gurrutxaga eta Eli Ibarra Superligako txapeldun Athleticekin (2007-05-08 elgoiBARREN.net)
- 3 elgoibartar Euskadi-Argentina Buenos Airesen jokatuko den partidako deialdian (2007-03-28 elgoiBARREN.net)