Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez, Martitzeneko goizaldeko laurak jota zirenean, Soraluzeko saltoki batean egindako lapurreta baten berri izan zuten. Ustezko lapurrek lokalaren atzealdeko leiho bat palanka batekin zabaldu eta, barruan zeudela, ehun euro inguru ostu zituzten esku-dirutan. Lapurreta egin ostean, egileek auto batean ihes egin zuten, patruilak bertaratzen ari zirela konturatu zirenean. Halere, ertzainek lapurren ezaugarri fisikoei buruzko datu batzuk jasotzea lortu zuten. Minutu batzuk geroago eta informazio horri esker, lapurren autoa atzeman zuten, Azitaingo biribilgunean, Eibarren.
Autoa miatu zutenean ertzainek 42 hazbeteko plasma telebista bat (dagokion urrutiko agintearekin), markako hainbat betaurreko eta dirua esku-dirutan (parte bat Soraluzen egindako lapurretan lortu dute) atzeman zituzten. Ondorengo ikerketei esker egiaztatu ahal izan dutenez, gainerako dirua (750 € inguru) eta plasma telebista ordu batzuk lehenago Elgoibarko taberna batean ostu zituzten; bertan, kutxa erregistratzailean zegoen dirua lapurtzeaz gain, txanpon-makinako dirua ere hartu zuten. Autoan, ahuntz-hanka bat eta bihurkin bi aurkitu zituzten, ustez lokaletako leihoak indarrez zabaltzeko erabili dituztenak.
•Telebista berreskuratu dute
La Perla tabernakoek plasma telebista berreskuratzea lortu dute. Dirua, ordea, ez. “Lapurtu diguten dirua, 1.000 bat euro izan daitezkeela kalkulatzen dugu, polizia-etxean daukate epaiketarako froga gisa konfiskatuta” adierazi du jabeak. Taberna dagoen eraikineko fatxadan egiten ari diren lanak aprobetxatu dituzte lapurrek taberna barrura sartzeko. Zehazki, aldamioetaz baliatu dira leiho batera iritsi eta bertatik sartzeko. “Leihoari bisagrak kendu dizkiote eta halaxe aurkitu dugu taberna barruan, txukun-txukun paretaren kontra, laga duten moduan”.
•“Taberna ezagutzen zuten”
Taberna jabearen ustez taberna ezagutzen zuten lapurrek, “Bere lekutik ateratzeko errazena zen leihoa aukeratu dute, telebistatik gertuen zegoena… lehendik ere bertan egonak ziren errezeloa daukat, eta baita susmagarri bat begiz jota ere”
•Laugarren lapurreta
La Perla tabernan egin duten laugarren lapurreta izan da honakoa “2003an sartu ziren lapurrak estreinakoz, 2004an birritan sartu zitzaizkigun eta azkena aste honetakoa” dio etsita tabernariak.