Ohiuka hasiko zinateke, guztia utzi eta Fijira ihes egin. Ibuprofeno batekin burukominak ahaztu: selektibitatea, mediak eta otxokuartoak. Baina ez, lasaitu zaitez, erakutsi ezagutzen duzula edukazioa; autokontrol apur bat, besterik ez. Ikus dezatela egoera menperatzen duzula, badakziula zer datorren gero, eta behar den bezalako karrera bat aukeratuko duzula: ingeniaritza, medikuntza, edo ekonomia gutxienez…
Buruan darabilzkizun txori horiekin ez zoaz inora, munduak ez du behar filologo, historialari edo soziologorik. Letrak motelegiak dira sistemaren erritmorako; ahulak, txikiak, eta askotan ulergaitzak.
Gaur azkar eta ondo egin behar da dena, segurtasunez, zalantzarik gabe. Besteekin lehiatu, indartsu, eta ahal bada irabazi, zapaldu, umiliatu arte. Gizonek bezala borrokatu behar da, ondo ipinitako bi potrorekin. Nahi ezean, badakizu zer dagoen…
Galtzaile bat izango zara beti, frakasatu bat. Hala ere lasai, ez estresatu, eta pentsatu, pentsatu zer izan nahi duzun hurrengo 30 urteetan. Bankuko langile, arkitekto, ileapaintzaile…Zergatik ez fisioterapeuta? Edo irakasle, a ze txolloa dituzten oporrak! Bestela fisikari, astronauta, politikari; edo… uf! Nolako nekea…
Baina, beno, lehen munduko gazteon arazotxoak baino ez dira hauek, biktimista batzuk gara, egia esan. Bitartean (eta gaur jada ahaztuta izango dugun arren), Lanzaroten nire adinekoen gorpuak ur gainean dabiltza noraezean. Haiek bai galdu zirela ur handietan, itsaso zabalegian desorientatu. Bi munduren arteko karrera hautatu zuten, eta dena galdu …
En fin, nire pare bat kursilada hipokritek ez dutenez mundua aldatuko… Filosofiaz hartu beharko da kontua, beste denei aurka egitearren besterik ez bada ere!
- Ikus hemen: Mikel Olaizolaren testu guztiak