Leialtasunak

Asier Etxaniz 2009ko ots. 25a, 22:54

Beti txunditu izan nau batzuen leialtasunak. Bizitzan funtsezko nola hutsal zaizkigun ohitura, objektu, ideia edo norbanakoei zor diegunak. Nahiz eta denboraren joanak esanahia, onura, atsegina edo osasuna ere kendu, nahiz eta honezkero joeraren jatorria ahaztua izan, nola eusten diogun betiko melena, paseo, taberna, bikote kide edo galtza bakeroen markari.

Etenak, irudi luke traizioa, edo derrota, edo ifernuan ate joka hastea. Ez, eutsi behar zaio, defendatu otso edo sikatearen kontra, tematu "maniatiko maniatiko!" datozenen kontra. Ez da modernoa, jakina, gaur egun ohiturak aldatzeko prest behar genuke etengabe, baina bai berezkoa. Haur jaioberriari erreparatu zer gutxi behar duen ohitura betirakotu nahi izateko.

Nik ere, alfer eta nagi azkenaldian, ezin izan dut sofritu, ezin izan diot nire buruari txanda pasarik opa, eta gaixotuko ez banintzen, hemen, atari honetan arrastoa utzi beharra izan dut, nahiz eta esateko deus izan ez, nahiz eta leialtasuna egun inork estimatzen ez duen.