Lur urbanizagarria den zelai bat begiz jo du Udalak Altzola auzoan “30 bat aparkaleku berri inguru” egiteko, adierazi du Alfredo Etxeberriak. Aparkalekuak egokitzeko ez dutela obra handiegirik egingo aurreratu du, era berean, alkateak, lurjabeak ez baitio lur zatia Udalari saldu, denbora baterako laga baizik. “Gutxienez bi urterako akordiora ailegatu gara lurjabearekin, epe motzera ez baitauka lur zatia saldu edo bertan ezer eraikitzeko asmorik, egun bizi dugun egoera ekonomikoaren ondorioz” azaldu du Etxeberriak. Lurra asfaltatu beharrean, belarra moztu eta hartxintxarrez nahastutako lurra edo antzerako materialen bat botako dute gainean.
Auzotarren aparkaleku beharrari erantzuna emateaz gain, behar horiek benetan zenbaterainokoak diren neurtu nahi dute udal arduradunek. Alegia, auzotarren aparkaleku eskaerak zenbateraino dauden justifikatuta.
Altzolako sarrera-irteera hobetzeko lanak
Foru Aldundiak Altzola auzorako sarrera-irteera erraztu eta arriskua gutxituko duen proiektua idazteko agindua dagoeneko eman duela jakinarazi du Alfredo Etxeberria alkateak. Elgoibarrerantz autoarekin ateratzeko azelerazio-errei lagungarri bat egingo dute eta auzoan errazago sartu ahal izateko atseden errei bi ere bai. “Txankakua zubi ondoko errepide zatiaren antzera jarriko dute” azaldu du alkateak.