Gaur gaueko kontzertuarekin osatuko da Miski gobernuz kanpoko erakundearen azken kanpaina, Peruko ume behartsuei laguntzeko. Herriko Antzokian Expresion Sonora musika taldea eta Haritz Euskal Dantzari taldearen emanaldia izango dira, 22:15etik aurrera.
Miskiko Gemma Agirregomezkortak kontzertura joateko deia egin die elgoibartarrei. Sarrerak ondo saltzen ari direla gaineratu du. Dena dela, takilan saltzeko gorde dituzte sarrera batzuk.
Ikuskizunak ordu bi inguru iraungo du. Haritzek Bizkaiko dantzen saioa eskainiko du ordu erdiz, Udal Txistulari bandaren laguntzarekin. Expresion Sonorak, berriz, Eibarko Coliseoan eskainitako errepertorioaren antzekoa emango du.
Kontzertuan batutako diruarekin eta orain arte Miskik lortutakoarekin, Perura joko du Gemma Agirregomezkortak domekan bertan. Cuzcoko 600 ume baino gehiagok eskolarako laguntza lortuko dute. Gemmaren hamargarren bidaia izango da Perura, eta urduri badago ere, dena ondo joatea espero du. Izan ere, udazkenean errifa gutxi saldu arren, gauzak bere onera etorri dira azkenean.