Hasi dituzte lurrazpiko edukiontziak berritzeko lanak

elgoibarren.net 2009ko ots. 27a, 14:51

 
Herrian dauden lurrazpiko edukiontzi guztien buzoiak aldatzen hasi da gaur Udala. Edukinontzi berriek ate handiago bat izango dute atzealdean, hondakinak erosoago laga ahal izateko. Atzeko atea zabaltzeko nahitaezkoa izango da giltza edukitzea.

 

 Udalak, merkataritza eta zerbitzu sektorea sustatzeko sortutako sailaren bitartez, eskutitz bat bidaliko die aurki herriko dendari eta ostalariei, edukiontziak irekitzeko giltza nola eskuratu azalduz.
 Segurtasun neurriekin hornituta daude edukiontzi berriak, izan ere, atzealdeko atea deskuiduan zabalik ez geratzeko, edukiontzia itxita egon beharko da. Hala ez bada, ezin izango da giltza sarrailatik atera.
 Plaza Txikian dauden lurrazpiko edukiontziak berritzen hasi dira gaur eta datozen egunetan Pedro Migel Urruzuno, Antonio Arrillaga eta Ermuaranbide kaleetan dauden edukiontziak berrituko dituzte. 

Lehen planoan oraindik berritu gabeko edukiontzia eta gainerakoak atzealdeko atea jarrita dutela.

 Hondakinak banan-banan bota beharrean denak batera botatzeko aukera eskaintzen du atzeko ateak.