25 urteko moto gidari elgoibartarra hil da istripuan

elgoibarren.net 2009ko mar. 2a, 08:35

 
Borja Uzuriaga 25 urteko gazte elgoibartarrak, Aiastiako bizilagunak, Markina-Xemein aldera zihoala izan zuen moto istripua GI-2636 errepidean. Mendaroko ospitalera eraman zuten arren, medikuek ezin izan zuten ezer ere egin bere bizia salbatzeko. Ertzaintza gertaera ikertzen ari da.

 
 
 


 Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, domeka goizean, hamaikak hamar gutxi aldera, GI-2636 errepidetik Markinara bidean zihoan Honda CB 600 motoko gidari elgoibartarra erori egin zen. Istripua jazo zen tokira bertaratu zen anbulantzia batek Mendaroko ospitalera eraman zuen biktima. Hala ere, eguerdiko ordu bata eta laurdenak aldera, gidariaren heriotza jakinarazi zuten erietxetik bertatik.
Ezbehar lazgarri hau nola eta zergatik jazo den ikertzen ari da Ertzaintza.

Haritzeko dantzaria
 Haritz Euskal Dantzari Taldeko kidea zen ezbeharrean hildako gaztea, eta, dantza taldeak, hitzik gabe dauden une honetan Jael-ek jarritako bertsoen bitartez jarri die doinua dauzkaten sentipenei. Dantzan.com web gunean Haritz EDTk daukan blogean jarri dituzte Borja Uzuriagari eskainitako bertsoak.