Bizikidetza eta giza eskubideen egoera neurtuko ditu ikerketa batek

elgoibarren.net 2009ko mar. 2a, 13:58

 
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elgoibar eta probintziako beste bederatzi udalerri aukeratu ditu programa pilotu bat bideratzeko. Herritarren arteko bizikidetzaren eta giza eskubideen egoerari buruzko informazioa jasotzea, eta egon litezkeen arazoei aurre egiteko bideak jartzea, da programa horren helburu nagusia.


 Gizagune fundazioa arduratuko da proiektua aurrera eramateaz, eta dagoeneko hasi dira gure herriko egoeraren gaineko diagnosia egiteko datuak batzen. Aurreikusitakoaren arabera, diagnosia prest egongo da hiru edo lau hilabeteren buruan. Proiektu honek 18.000 euroko aurrekontua dauka; %60a Foru Aldundiak finantzatuko duelarik. Aurrez Bizkaia eta Araban egin dituzte gisa honetako ikerketak. Orain, Gipuzkoako 10 herritan garatuko du proiektua Bizigunek. Debabarrena eskualdean Elgoibar aukeratu dute. 
 
Bizikidetza arazoak detektatu
 “Egon daitezkeen bizikidetza arazoak aurkitzeko herriko esparruak aztertzea da proiektu honen xedea”, Udal arduradunen berbetan. Hasierako fase horren ondoren, “arazo horiei aurre egiteko bideak jarriko dira, ekintza plan zehatz bat garatuz”.

Metodologia
 Diagnosia egiteko aukeratu den metodologian hiru esparru izango dira. Hiru esparru horiek, bestalde, banaka landuko dira. Alde batetik, kale-inkestak egingo zaizkie herritarrei. Udaleko politikariek, berriz, zenbait elkarrizketa eskaintzeko ardura izango dute. Gainera, ikastetxeek, enpresek, udal teknikariek eta elkarteek hainbat tailerretan parte hartu ahal izango dute.
 
  Azkenik bada, aipaturiko hiru esparru horietan lortutako datuekin bizikidetzaren egoerari buruzko diagnosia egingo da.