•FACEBOOK (Jasone Osoro, Plaza de Gipuzkoa, DV)
Internet lagun berriak egiteko tresna bihurtu da. Eta baita aspaldiko lagunak erreskuratzeko bidea ere. Horixe da, hain justu, facebook delakoa. Agenda moduko bat da. Bertan, zuk nahi dituzun datuak eta informazioa zintzilikatzen dituzu, baita argazkiak ere, eta horiek denak sarean daude ikusgai, eskuragai. Sare honen bidez jada galduta zenuen jendea aurkitu dezakezu. Eta ezagu-tzen ez dituzunek ere mezua bidali ahal dizute ea beraien laguna izan nahi duzun galdetuz. Dena modu birtualean, noski. Ni tarteka sartzen naiz, baina batez ere besteen orriak kuxkuxeatzera. Eta onartzen dut polita dela zure ingurukoen bizitza iruditan ikusi ahal izatea. Nik ez ditut nire bizitzako argazkiak sartzen. Ez zait gehiagi gustatzen facebookean eta ia edonoren begietara idaztea lagunen bati. Horretarako nahiago ditut mezu pribatuak. Nire teoria da facebooka bilduma bihurtu dela. Lagunak biltzeko lekua. Zenbat eta «lagun» gehiago izan zure zerrendan, are inportanteagoa bazina bezala. Dozenaka, ehunka lagun izan ditzakezu zure zerrendan, nahiz eta horietako askorekin beharbada sekula ez duzun bi hitz gurutzatuko. Baina egon, hor daude, denen bistan.
Behin, adiskidetasunaz berbetan ari ginela, lagun batek esan zidan berak «benetako» adiskide bakarra duela. Bakarra. Hasieran mindu egin nintzen, ni lagun «bakar» hori ez nintzela banekielako. Baina zer-pentsatua eman zidan. Arrazoia zeukan. Facebookean nahi beste ezagun elkartuko dituzu. Baina benetako lagunak. Horietako zenbat dituzu?
•FACEBOOK ARRAIOA! (Hasier Etxeberria, Alua Mundua!)
Aurreko sarreran, ordenadorea ezin pizturik dabiltzanak baino galduago nabil neu. Lagun batek ia beharturik, Errege egunetik daukat Facebook madarikatua. Egia esan, ez dakit zer arraioatarako behar duen hori ni bezalako batek, ez baitiot inolako erabilgarritasunik aurkitzen, baina tira eta tira, hortxe daukat neuk ere.
Gogorrena lagun berriak egitearen kontu hori da: zure halako lagunaren lagunen lagun izan zaitezke, bidali zeure lagun izateko gonbita edo antzeko zerbait esaten du sistemak. Eta bai, askotan, niretzako modukoak iruditzen zaizkit nire lagunen lagunak, baina, ezagutzen ez ditudanez, egundoko lotsa ematen dit haien atean kax-kax hasteak. Gainera, erantzuten ez badidate, ez nautela gogoko hasiko naiz pentsatzen. Kalabazak beti direla gogorrak, alegia.
Eta okerragoa, neuri ere etorri zaizkit halako eskaerak dozenatik gora, neure lagunen lagunak omen direnek bidalita, ezagutzen ez ditudanak, eta neure kontutxoak eurek ere jakin nahi dituztela eskatuz. Hortxe dauzkat zain zerrenda batean, ezin baitut erabakirik hartu inola: nola hartuko ditut laguntzat ezagutzen ez baditut, aurkeztuak izan ez bazaizkit? Baina, jakina, ez badiet nire facebookean sartzen uzten, pentsa dezakete gaizki hezitutako grosero handi bat naizela, lotsagabe harroputz arraio zital bat. Erabaki bat hartu dut, beraz: mezu bat igorriko diet, barkatzeko, baina ez dudala eurak ezagutzeko atsegina oraino eta akaso elkar ezagututakoan… Baina sistemak dio, hori egiten badut, mezu bat bidaltzen badiet, alegia, hilabetez egon daitezkeela nire facebookera konektaturik eta, klaro, hilabeteren ondoren nola arraio ausartu inori ezetz esatera? Hau eromena.
Eta, gainera, zertarako da hau dena? Eztakitnor eztakitnoren lagun egin dela jakiteko? (Beraz, ezagutzen ez dituzun lagunen zirkulua etengabe handitzearen aukera erogarria areagotzeko). Txorakeria baita jakitea eztakitnoren laguna den eztakitnor —orain nire laguna ere ba omen dena—, patata tortila bat egiten ari dela jakitea, edo ez dakit zein musikaren zale bihurtu dela ezagutzea. Hau da marka hau!
Korapilo honetan sartu nauen lagunari galdetuko diot, ea benetan ote den nire lagun ni halako korapiloetan sartzen ibiltzeko.
∞Lotura duten albisteak:
- Facebook (wikipedia)
- Nerabeak eta gizarte sareak: Eskolatik logelara eta logelatik sarera, beti lagunekin (consumer.es)
- Facebook: beste sare sozial bat besterik ez? (sustatu.com)
- Facebook euskaratzeko bidean (sustatu.com)
- Sare sozialak, objetu sozialak eta FaceBook (Azpi/bloga)