Eskubaloi Eskola sortu du Sanlok

elgoibarren.net 2009ko mar. 4a, 15:18

 
Domekan aurkeztuko dute jendaurrean Elgoibarko Eskubaloi Eskola, Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeak 10 eta 12 urte arteko herriko eta inguruetako neska-mutilentzako sortu duen eskola. Klubaren inguruko berriak jasoko dituen "Sanlo" aldizkaria aurkezteko ere baliatuko du abagunea Sanlok.



1706640473068 Eskubaloi Eskola sortu du Sanlok

Aurkezpena domekan

 Domekan, martxoaren 8an, aurkeztuko dute Eskubaloi Eskola berria Olaizaga Kiroldegian egingo den kirol festan. Aurkezpen ekitaldia bera 11:00etan hasiko bada ere, aurrez; 9:30etik aurrera, lau eskubaloi partida jokatuko dituzte alebin mailako lehen eta bigarren urteko neska-mutilek. Zarautzeko taldeen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Eskubaloi eskolaren helburuak
 Gaztetxoenak kirolera, bereziki eskubaloira, hurbiltzeko asmoarekin sortu dute Eskubaloi Eskola. Kirol jarduera honen kontzeptu teknikoak zein taktikoak pixkanaka barnera ditzatela da helburua. Aurrekoez gain, alegia, kirol jarduera soilaz haratago, hainbat giza-balore irakatsiko zaie, hala nola: bizikidetza, adiskidetasuna, kirol arauak errespetatzea, besteekiko (lagun, entrenatzaile, delegatu, aurkari, arbitro, e.a) errespetua, emaitzen gainetik gozatzen ikastea, etab. Hau da, guztiaren gainetik umeak pertsona onak izan daitezela, eta, gainera, jokalari onak.

“Sanlo” aldizkaria
 Klubaren inguruko berriak jasoko dituen estreinako aldizkaria, “Sanlo” izenekoa, aurkeztuko du eskubaloi taldeak domekan. Lehen alean, klubak eta talde guztiek euren burua aurkeztuko dute. Nutrizioa zein entrenamendu egokien inguruko berriak ere jasoko ditu. Bestalde, lehen alea dohainik banatuko da, besteak beste, honako hauen artean: Klubeko jokalari eta entrenatzaile guztiak, babesleak, Udala eta Udal Kirol Patronatua, federazioetako ordezkari eta eskubaloi eskolak dituzten gainerako taldeak. Atzerrian ere banatuko dute Sanlo aldizkaria, aurrerago elkartrukeak egiteko aukera dagoen Eskubaloi eskolak dituzten taldeei, hain zuzen ere. Dinamarca, Suedia, Alemania, Errusia, Puerto Rico, Brasil eta Argentinara bidaliko dituzte aldizkariaren aleak.