Gaur, martxoak 5, hasiko da Ostegun Bidaiariak hitzaldi sortaren
bigarren ekimena. Estreinako hitzaldian, merke bidaiatzeko bi bidaia
motaren; Interail eta Santiago bidea, inguruko xehetasunak emango
dituzte Joanes Rodriguez, Ion Sanchez, Eñaut Izagirre eta Iokin
Zubiaurre elgoibartarrek.
Santiago bidea eta Interrail: martxoak 5 (eguena)
Ordua: 20:00-21:30
Lekua: Kultur Etxeko hitzaldi gela
•Interaila
Interail zerbitzua, Europako trenetan bigarren klasean, eta nahi beste bider, bidaiatzeko txartel merkea orain dela 37 urte sortu zen. Motxila bizkarrean Europa herriz-herri ezagutzeko modu errentagarrienetakoa da. Joanes Rodriguez, Ion Sanchez, Eñaut Izagirrek eta Iokin Zubiaurre elgoibartarrek Alemania, Polonia, Txekiar Errepublika, Austria, Hungaria eta Kroazia ezagutu zituzten interrail txartela eskuetan. Gaurko hitzaldian bidaiako gorabeherak azaltzeaz gainera, hainbat azalpen praktiko emango dituzte: interail txartelaren funtzionamendua; non, noiz eta nola eros daitekeen, eta beste hainbat kontu.
Santiago bideari dagokionez, Elgoibartik Santiago de Compostelara bizikletaz egin zuten bidaia azalduko dute elgoibartarrek.
Santiagoko tradizioak dio Jesusen hamabi apostoluetako bat, Jainkoaren hitza Espainian zabaldu ostean, Palestinara itzuli zela. Bertan, Herodes Agripak harrapatu eta martirizatu egin zuen. Gerora, Santiagoren dizipuluek bere gorpuzkia Galiziara eraman zuten eta Alfontso II.a Kastua, erregeak, Santiagoko katedrala eraikitzea erabaki zuen lekuan ehortzi zuten. Arrazoi horregatik Erdi Aroan, Santiago, kristauen erromesaldiaren leku garrantzitsuetako bat bihurtu zen, Erroma eta Jerusalen hirien pareko.