Mendia, mendia da. Bere legea ezartzen du, eta onartzea besterik ez dago. Batzuetan, baldintza klimatikoak lagungarri izaten dira, baina alderantziz ere gerta daiteke, errukirik gabeko ekaitzak pairatuz. Nik errespetu handia diot eguraldiari, baina batez ere, mendiari. Ez gara ezer lur eta harrizko masa erraldoi hauetan, hezur eta haragazkiko puntu txikitxo batzuk soilik.
Ekaitza altxatu denean zenbat aldiz gorde izan ditugu bastoiak motxila barrenean? edota askok pioleta ere bidean behera bota? Ulertzekoa da, nor ez da ba tximistekin izutu mendian? Ba ni bai, beldurgarriak dira gainera, eta ondorengo trumoi zaratak eguraldiaren indar ikaragarria erakusten du. Hortaz, mendi ibilaldi bat prestatzerako orduan, begiratu eguraldia, interneten igarotako 10 minutuek, astebukaera osoko informazioa eman dezakete eta.
Eguraldia alde batera utziz, askotan entzun dugu zein material diren Pirinoetako mendi ertain edo zailetan erabili beharrekoak, edo gomendagarriak direnak behintzat. Hau pertsonen araberako da, denok ez bait gara berdinak, eta bakoitzaren ohiturak ezberdinak dira gainera.
Gaur, kaskoa beti zuekin eraman dezazuen gomendatzen dizuet, lasaiago ibiltzeko aukera ematen baitu. Lan edo arazo handia al da 500g-ko kasko bat buruan eramatea? Pirinioetako mendiak harritxuak dira, eta espero ez den tokietan ur-jauzien antzerako harri-jauziak ematen dira.
Nik lehen ez nuen eramaten, ez nuen beharrezkotzat hartzen. Orain dela urte bete ordea, Balaitous mendian izan ginen, eta ordutik, jartzearen aldekoa naiz. Beti dago arriskua, hau aurreikusi gabe ere.
Neguan zer esanik ez. Elurra eta izotza arrisku puntu altua dira. Honi gainera, neguko baldintza klimatiko txarragoak gehitu behar zaizkio. Hortaz, mendiarekin zerikusia duen edozein neguko jarduera egitea eta kaskoa jantzita izatea elkarrekin doazela esango nuke.
Kaskoa bizitza asegurua da askotan, eta segurtasun puntu handiago bat edukitzea eragiten du.