Mikel Ibañez: “Garzonek berak esan zuen nire kasuan kalean egoteko baldintzak betetzen zirela”

elgoibarren.net 2009ko mar. 6a, 13:47

Auzitegi Nazionalak orain arte ez du onartu Mikel Ibañez preso elgoibartarra aske lagatzea. Izan ere, minbizia dauka, eta oraindik epaiketaren zain dago. Epaileak espetxealdi arindua ezarri badio ere, abokatuaren arabera, legez aske egon beharko luke. Hortaz, senideen etxean betetzen ari da kartzela, eta bakarrik medikuarenera joateko irten daiteke. Etxerat elkarteak salatu du guztira hamalau presok aske egon beharko luketela, gaixotasun larri eta sendaezinak dauzkatelako. Gasteizko parlamentuak eta medikuntza alorreko berrehun profesionalek horiek guztiak aske lagatzeko eskatu berri dute. Espetxe politika bere osasun egoerarentzat erabat kaltegarria izan dela uste du Ibañezek.



-Minbiziaz gain, psoriasia eta diabetesa ere dauzkazu. Zein tratamendurekin diharduzu?
Psoriasiari aurre egiteko, krema batzuk baino  ez ditut hartzen orain, pastillak ez datozelako bat minbiziaren kontrako tratamenduarekin. Kremekin segitu behar dut, injekziorik-eta ez dagoelako: horrekin behintzat hazkura eta legenik ez daukat. Diabetesa, berriz, orain dela hogei urte hasi zitzaidan lehenengoz, baina hasieran baxua zen. Orain, internatzen nauten bakoitzean igo egiten da, sartzen dizkidaten sueroek glukosa asko dutelako, azukre asko. Bestela, eguneroko bizitzan diabetesak ez du garrantzirik. Bestalde, minbiziari aurre egiteko, guztira hamabost kimio tratamendu hartu behar izan ditut. Zorionez, ondo konpondu naiz. Medikuek abisatzen dute gogorra dela, gorputzaldi txarra izan dezakezula, baina ondo konpondu naiz.

-Orain dela gutxi, baina, hezur-muin transplantea egin dizute, zelula amekin…

 Epaileak espetxealdi arindua ezarri eta gero, senideen etxean bizi da Mikel Ibañez.

Urtarrilaren 13an ingresatu ninduten eta 18ra bitartean hiru txandatan egin zidaten. Ondo joan zen. Kimioarekin bezala, medikuek azaltzen zidaten gorputzak zelan erantzungo zuen. Nahiko ondo erantzun nuen. Baina laugarren egunean gibel-gaixotasuna izan nuen, eta txarto pasatu nuen. Birusa han hartu nuen, bainugelan, eta hamar egun egon nintzen txarto, erabat izorratuta. Medikuak arduratuta zeuden. Aurrera egitea lortu nuen. Hori izan da estuasun larri bakarra. Gainerakoa, pazientzia kontua da, eustea eta burua argi izatea. Gero minbiziari buruz hitz egiten entzuten duzu: sinestezina da gaixorik zenbat eta zenbat gauden!

-Espetxean aurkitu zizuten minbizia?

Parisetik kanporatu eta kartzelan sartu ninduten. Espetxeko medikuak errebisioa egiten du sartzean. “Zuk, Ibañez, zer duzu?”, galdetu zidaten. “Pastilla batzuk diabetesaren aurka, eta horiekin ondo nabil”, esan nion. “Hala ere, izterrondoan koskor txikia dut”. Medikuak ikutu egin zuen, eta mugitzen zela ohartu zen. “Hori sebo txikiren bat izango da. Laga egingo dugu, eta aurrerago kendu, operatu”. Denborarekin, hazi egin zen, eta ondoezik jarri nintzen. Jateari eta edateari laga nion. Ezin ibili, ezin mugitu, aktibitaterik gabe, kideekin egoteko gogo barik: etzanda egon nahi nuen, ohean, bakarrik, lasai. Goiz batean, errekuentoa egitean, ezin ninduten esnatu. Gregorio Marañon ospitalean ingresatu ninduten, presoentzako gunean.

-Eta han operatu zintuzten?
Lau egun egin nituen koman. Halako batean, esnatu eta makina batzuk ikusi nituen albo batean. Bestean, emakume bat, ahoa lotuta. Haruntzago tipo bat ikusi nuen, mugitu ere ez zena egiten, benda pila batekin, momia baten moduan. “Non arraio nago?”, galdetzen nion nire buruari, esnatu berri. “Nafarroan egongo ote naiz eski estazio batean?”. Han ez zen inor mugitzen, ni bakarrik. Eta zarataka hasi nintzen, jendea etorri arte. Antza, hildakoen artean jarri ninduten. Gelara eraman, eta medikua etorri zen. Oso ondo portatu zen. “Non nago? Ez dut ezer ulertzen”, galdetu nion. Ez zidan gorputegian nengoela esan, baina seguru nago, han ez zelako inor mugitzen. Medikuak esan zidan azukrea jaitsi egin zitzaidala eta lau egun egin nituela koman. Bitartean, errebisioa egin eta minbizia topatu zidaten; ez zen sebo txiki bat. Minbizia zabaltzen hasia nuen. Itxura denez, giltzurrunak pasatu eta nerbio organuetara heltzeko zorian zegoen. Hil eta erdiren buruan begetal hutsa izan nintekeela argitu zidan, eta horregatik operatu nindutela. Medikuak hori esan ondoren, funtzionario bat etorri zitzaidan: “Jantzi, Soto del Realera goaz-eta”. Minbiziaz operatu eta hurrengo egunean bidali ninduten kartzelara! Pasoko ospitalea zen, ez ingresatuta egotekoa. Gero, Sotoko medikuak enfermeriara bidali ninduen, baina hori putetxea hori! Beste bost lagunekin nengoen gelan. Denak porroak erretzen egoten ziren, eta nik gutxieneko neurri higienikoak behar nituen! Kristoren neurrigabekeria. Operatu eta beste bostekin gela batean sartu ere! Ezin duzu pentsatu zer den hori. Denbora aurrera joan ahala, txartoago nengoen. Pentsa, arreba eta koinatua Madrileraino bisitan joan, eta ezin nintzen bost minutu baino gehiago eurekin egon: etxera bueltan bidaltzen nituen! Ezin nuen. Berrogeitaz egun egin nituen jan gabe: ezin nuen.

1706640470646 Mikel Ibañez: “Garzonek berak esan zuen nire kasuan kalean egoteko baldintzak betetzen

1706640470684 Mikel Ibañez: “Garzonek berak esan zuen nire kasuan kalean egoteko baldintzak betetzen


-Baina ospitalera berriz itzuli zinen, ezta?
Goizalde batean, ospitalera joango nintzela esan zidaten. Han hasi nintzen kimioekin eta pastillekin, besterik ez. Gauza asko ez ditut gogoratu ere egiten. Gero, Donostiara ekarri ninduten, abokatuek-eta lan egin ondoren. 47 kilorekin ekarri ninduten. Beti 72-73 izan ditut; Madrilen 36 bat izan nituen. Donostian dena aldatu zen, nire bizitza aldatu zen: medikuen tratua, enfermerena…

-Gero espetxealdi arindua jarri zizun epaileak, hau da, etxean bete behar duzu espetxealdia. Horrek zelan baldintzatzen du gaixotasunari aurre egin beharra?
Medikuen arabera, ondo etorriko litzaidake egunean ordubete edo ordu t’erdi paseatzea. Hemen, etxean, egunero da berdina: bisitak eta baditut, baina bueltatxo bat ematea ondo etorriko litzaidake.

-Medikuarengana joateko, esaterako, tramite asko egin behar dituzu?
Ertzaintzari eman behar diot abisua eta eurak etortzen dira nirekin, eskolta egitera.

-Orain hilabetera arte poliziak egon dira etxea zaintzen. Gorabeherarik izan da?
Egunero-egunero 24 polizia egoten ziren etxe inguruan. Erasoak egin zituzten. Kalea eurentzako hartu eta inori ez zioten aparkatzen lagatzen. Erosketetatik zetozen etxekoandreei katxeatzeko mehatxua egin zieten. Argazkiak atera zituzten etxe aurrean txarraskekin eta Interneten eskegi. Edaten harrapatu zituzten, eta txiza egiten… Bronkak egon ziren… Ikastola gertu dago eta umeak ikaratuta ibili ziren… Prepotentzia ere erakutsi dute: goizeko seietan ohean nengoen ala ez galdetuz ere etorri izan ziren.

-Orain egunean behin etortzen dira etxean zauden jakiteko?
Birritan jotzen dute txirrina.

-Zure familiak zelan bizi du prozesua?
Ondo. Kontuan hartu oso gaztetatik agoantatu dizkidala familiak kontu horiek. Hamasei urterekin zapaldu nuen Martutene. Soldadutzara joan aurretik ere beste bi aldiz egon nintzen han. Orain dela hogei urte joan ginen Uruguaira, eta Parisen jausi eta gero gaixotzean, arazo gabe onartu dute ni etxean egotea. Orain jubilatu egin dira, eta publiko aurrean lan egin izan dute… Beti egon dira hor. Ondo. Senideen kontua garrantzitsua da presoontzat. Presoa familiarik gabe ez da ezer. Asteko deiaren zain dago presoa, neska-lagunaren paketearen zain. Ez hori bakarrik, laguntza batzordeen edo gestoren laguntzarik gabe oso-oso zaila izango litzateke.

-Oraindik epaitu gabe dagoen presoa izan arren, gaixotasuna dela-eta Auzitegi Nazionalak ez du zu askatzeko baimenik eman. Zure abokatuek zer bide jorratu dituzte?
Une honetan Jone Goirizelaiak darama auzia. Madrilen berriz eskatu du aske lagatzeko, baina beti dago zeozer: orain atxiloketen eta hauteskundeen kontua izan da… Gaixotasuna topatu zidatenetik lau aldiz eskatu dugu aske lagatzeko. Erantzuna hirutan ezezkoa izan da, eta laugarrenaren esperoan gaude. Kontuan hartu ni oraindik epaitu gabe nagoela, eta hori aringarria dela. Nik ez dakit Auzitegi Nazionalak zelan begiratzen duen gaixotasunaren larritasuna. Nik, gai hori aztertzean, irakurri dut ezin dela minbiziarekin preso bakar bat ere egon, ezta beste gaixotasun batekin ere. Nire kasuan, sendagileak senda-agiria ematen ez didan artean, legez, ezin izango naute epaitu. Hori bai, orain nagoen moduan beste hogei urte eman ditzaket, behintzat hori esan zidan abokatuak. 27 urte eskatzen dizkidate, baina nik dagoeneko zazpi edo zortzi egin ditut. Nik pentsatzen nuen epaitu gabe lau urte eduki dezaketela norbait, eta beste bi gehiago kasu berezietan. Horrexegatik galdetu nion abokatuari, eta honela esan zidan: “Mikel, epaitu gabe nahi duten denbora guztia eduki zaitzakete”. Oraingo baldintzetan eduki nazakete, baina epaitu gabe, senda-agiria jasotzen ez dudan bitartean. Pentsatzen hasita, nahiago dut epaiketara joan, eta kito! Lehen pasatu nintzen epaiketa berberetik, eta hamabi orduren buruan kalean nengoen. Norbaitek bere gain hartu du niri leporatutako guzti-guztia; nik ez daukat zerikusirik. Lehen ondo joan zitzaidan, baina hurrengoan, auskalo zer gertatzen den! Luze doa… Dena den, gaixotasuna dela-eta, kalean egon beharko nuke teorian: fiskal batek ni aske lagatzeko eskatuko zuela azaldu zion abokatuari. Garzonek berak maiatzean esan zuen nire kasuan kalean egoteko baldintzak betetzen zirela, eta fiskaltza bera bat zetorren. Baina hori guztia gelditu egin zuten, beharbada ni aske laga ezkero antzeko egoeran dauden beste hainbat preso ere aske laga beharko lituzketelako.

-Etxeraten arabera, hamalau preso zaudete osasun egoera larrian eta ez zaituztete aske laga nahi. Zer irakurketa egiten duzu?

Preso bakoitzak badaki zer dagoen jokoan eta zer zigor etorri daitekeen. Baina edozein gaixori aplikatzen zaiona aplikatu beharko litzaiguke. Katarroa duen edozeini, esaterako, baja ematen dio medikuak; katarroa pasatutakoan, senda-agiria jaso eta lanera. Jo dezagun katarroa gaixotasun larri bihurtzen dela: erabateko baja ematen dute, bizitza lasaia egiteko. Kito! Ez dute hori eman nahi, ez dute horrela ikusten.

-Mikel Ibañezen lagunak taldea sortu da, osasun alorreko 200 zure egoeran dauden presoak aske lagatzeko eskatu dute… Zelan baloratzen dituzu elkartasun adierazpenak?
Ezin hobea. Funtsa oso ona da. Osasun arloko profesionalek hori eskatzea oso interesgarria da, eta hori baloratu egiten dugu. Bestalde, ez da gauza bera Madrilen ospitalean egon ala Donostian: medikuek gaixoa ganoraz hartatu behar badute, euren aldetik elkartasuna jasotzen da, eta ez kausarekin bat datozelako. Azken batean, hemen erizain askok behintzat senideren bat izan dute preso, eta hori igarri egiten da eurekin izandako tratuan. Ez zara bakartuta sentitzen. Kontuan izan behar da medikuek gaixoei laguntzeko ikasi dutela, gaixoak motxailak, lapurrak zein politikoak izan arren.


DATUAK

Artxiboko argazkia.

♦ 54 urte. Gaur egun, arindutako espetxea Deban betetzen ari da, senideen etxean.
♦ Uruguain bizi izan da 1989. urtetik. Han hiru urte eman zituen preso.
♦ 1994an Espainiara estraditatu zuten. Auzitegi Nazionalak epaitu egin zuen, 1988ko ekainean Patxi Zabaleta elgoibartarraren hilketan zerikusia zuelakoan, eta absolbitu egin zuten.
♦ Uruguaira itzuli zen, eta azken urteotan bere egoera legala zen.
♦ 2007ko martxoan Pariseko aireportuan atxilotu zuten eta Espainiara estraditatu. Madrilgo Soto del Real espetxera eraman zuten.
♦ Espetxean psoriasia topatu zioten, baina barrabilean minbizia ez zioten detektatu. Gregorio Marañon ospitalean minbiziagatik ebakuntza egin zioten maiatzaren 14an, eta hurrengo egunean kartzelako erietxera eraman zuten.
♦ 2008an mobilizazioak hasi ziren Elgoibarren, eta Euskal Herrian Mikelen egoera salatu eta aske lagatzeko eskatuz.
♦ 2008ko udan Donostiako ospitalera ekarri zuten, eta espetxealdi arindua ezarri zioten. Ordutik, etxean betetzen dihardu bere zigorra, Ertzaintzaren zaintzapean.
♦ 2008ko abenduan Mikelen Lagunak taldea sortu zuten Elgoibarren, askatasuna eskatzeko.
♦ 2008 abenduan Gasteizko parlamentuak preso gaixoak aske lagatzeko eskaera egin zuen, Ibañez eta Mikel Gil presoen egoera adibidetzat jarrita.
♦ 2009ko urtarrilean osasun arloko 200 profesionalek preso gaixoak aske lagatzeko eskatu zuten.
♦ 2009ko urte hasieran hezur-muin transplantea egin diote, ama-zelulekin.