•Zuhaitz enborretan hasten diren onddoen garrantzia
Joan zen barixakuan banatu ziren CAF-Elhuyar sariak. Xabier Artaetxebarria donostiarrak jaso zuen lehenengo saria, zahartzeari buruzko lan bati esker. Bigarren saria, berriz, "Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak" lanarentzat izan da, Ostaizka Aizpuruak eta Antton Alberdik idatzitako artikuluarentzat. Zientzia-dibulgazioko lan honekin zuhaitz enborretan hasten diren ardagaiek basoetako ekosistemetan leku garrantzitsua betetzen dutela argi laga nahi izan dute egileek. Onddo horien bidez, zuraren usteltzeari buruz dihardute artikuluan, eta horrek basoetako biodibertsitatean eta konplexutasunean duen eragin positiboaz. Epaimahaiaren esanean, "basoen kudeaketa egokiaren gaineko hausnarketara bideratzen gaitu lanak, eta basoko zuhaitz eroriei eta enbor iharrei buruzko ohiko iritzia aldarazten du". Lan honi buruz, alde teknikoaren zorroztasuna galdu gabe, dibulgazio-artikulu ederra idatzi izana nabarmendu du epaimahaiak, baita aurkezpen dotorea eta egileek landutako irudi bikainak ere.
- Iturria: zientzia.net
•Antton Alberdiri elkarrizketa:
- Zientzien alorrean saririk garrantzitsuenetakoak dira CAF-Elhuyar sariak, ezta? Zelan hartu duzu saria?
Zientzia-dibulgazioko saririk garrantzitsuenak dira, eta nik uste bakarrak...
-Aurkezten zineten estreinako aldia al zen?
Bai. Lehenengo aldiz aurkeztu gara eta txiripaz, egia esan. Unibertsitaterako mintegi bat prestatu genuen Ostaizka eta biok Mikologiako irakasgaian aurkezteko. Eta epea amaitu baino bi aste lehenago okurritu zitzaigun aurkeztea. Artikutzara joan, 3-4 argazki atera, ordenagailuan Adobe Illustratorrarekin hainbat marrazki bektorial egin (zelularen osagaiak, zuhaitz osasuntsu eta ardagaidunen konparaketa...), eta maketatuta aurkeztu genuen. Hasierako hamabi orrialdeko lana (teknikoagoa eta zehatzagoa) bost orrialdera laburtu genuen, apur bat sinplifikatu eta eraldatu, ukitu literarioa eman eta jendearentzako ulergarriago egin. 800 euro eta oroigarria jaso ditugu.
-Zuen artikulua: "Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak" nonbaiten argitaratuko duten badakizue?
Artikulua apirileko Elhuyarren eta Zientzia.net-en agertuko da. Lan zehatzagoa, berriz, Euskalnatura.net-en jarriko dogu.
-Azaldu egiguzu lanaren nondik-norakoak labur-labur.
Ardagaiek baso-ekologian duten garrantziaren inguruan eginiko lana da. Ardagaiak zuhaitzen egurraz elikatzen diren onddoak dira, bizkarroiak (egur biziaz elikatu) zein saprofitoak (egur hilaz elikatu, gehiengoa). Onddoaren gorputza (mizelioa) zuhaitzaren enborraren barruan garatzen da, eta kanpoan ikusten dena ugal egitura da, esporak ekoizten dituena.
Izenburuko metafora bat dator oraintsu arte Euskal Herrian ardagaiei eman zaien erabilerarekin, sua pizteko erabiltzen baitziren baserrietan. Sua egiteko txinparta beharrean, baso-ekosistema pizteko txinparta moduan hartu dugu guk. Egurraren ustelketa-prozesuan oso paper garrantzitsua jokatzen dute ardagaiek, eta bakterioekin batera, eragin handiena duten organismoak dira. Egurraren osagaiez elikatzen dira eta apurka-apurka degradatzen dute egurra guztiz deskonposatu arte. Era horretan, baso-ekosistemako materia organikoaren zikloa ixten dute.
Deskonposaketa-prozesu horretan hainbat aukera zabaltzen dira animalia eta landareentzat, eta prozesuaren garai bakoitzean sortzen diren aukerak zer animaliak eta nola aprobetxatzen dituen azaldu dugu. Okilaz, garrapoaz, saguzarrez eta kakalardoez berba egin dugu, besteak beste. Bukaera aldera, zuhaitz zaharrak eta egur hila basoetan mantentzearen garrantziaz hausnartu dugu -egur horietaz elikatzen baitira ardagaiak, eta, bide batez, egun Euskal Herriko baso-politikaren kritika egin ere bai. Interes nagusia egurra denez, baso homogeneoak egiten dira, garbi mantentzen dira eta oso denbora gutxian soildu, ekosistema konplexuak garatzeko aukerarik eman gabe. Ardagaien ikuspuntutik, saiatu gara baso-ekologia eta kudeaketaren lehena, oraina eta geroaren inguruan berba egiten.
•CAF-Elhuyar sariak
Beasaingo CAF enpresak eta Elhuyar Kultur Elkarteak eraginda sortu ziren CAF-Elhuyar Sariak 1994an. Zientzia-gaien dibulgazioa, oro har, eta idazle berriak, bereziki, sustatzeko asmoz abiatu ziren sariek dagoeneko oihartzun handia dute eta euskaraz idazten duten zientzialari/kazetari zientifikoen erreferentzia ere bilakatu dira.